Partida garratza

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2020ko ots. 3a, 01:00

16-17. Puntu bakarragatik eta azken minutuan galdu zuen Babyautok Bera-Beraren aurka, Astiko zelaian. Lehenbiziko zati bikaina egin zuten zarauztarrek, baina partida izugarri korapilatu zen gero, Bera-Beraren mesedetan.

Larunbat arratsaldean bero egiten zuen Astin partida hasi aurretik eta giroa askoz beroago, partida amaitu zenean. Xabi Castañok aulkian utzi zituen gazte asko eta eskarmentudun jokalariekin osatu zuen taldea, zer etor zitekeen aurreikusita, baina ez zen nahikoa izan.

Partida hasi eta lehen jokaldian 3 puntu zarauztarrentzat, Juan Sorreluzek baliatutako zigor ostikadaren ondoren. Hamar minutura, Bera-Berak, baloia azkar mugituta lortu zuen lehen entsegua, hegaletik. Transformaziorik ez eta 3-5 markagailuan. Donostiarrek bizi jokatu zuten eskura, baina zarauztarrek mele gehienak irabazi zituzten, ondo defendatu zuten, arriskua sortu eta jokaldi eder bat baino gehiago eskaini zuten donostiarren entsegu marratik gertu. Jokaldi horietako batean seinalatutako zigor kolpe batekin etorri ziren hurrengo 3 puntuak zarauztarrentzat: 6-5.  Entsegua gero, 5 metroko marraren gainean touche-a atera eta ondorengo maul-ean, Mikel Ezeizak. Juan Sorreluzek transformazioa eta 13-5. 27. minutua zen eta emaitza horrekin joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia, oso bestelakoa. Hasi eta berehala Zarauztarrek entsegu aukera bikaina izan zuten jokaldi ikusgarrian, baina ez zen posible izan eta jokoak beste tenore bat hartu zuen berehala. Nahasmenean, Babyautok beste 3 puntu Juan Sorrluzen zigor ostikadaz: 16-5. Baina jokoa kateatzen ari zen. Baloirik gabeko borrokak ikusi ziren zelaian, jokalarien artean, modu nabarmenean. Giro zakar horretan egin zuen Bera-Berak bigarren entsegua, hegaletik, Battithe Chaudiere, min hartuta, zelaian etzanda zegoen bitartean. 16-10. Gauzak ez ziren baretu zelaian, ezta harmailetan ere. Zaleak haserre eta Babyautoko jokalariak partidatik kanpo, askotan. Donostiarrak erasoan, baloiarekin, nahiz gabe, eta zarauztarrak defentsan. Amaitzeko minutu baten faltan, Bera-Beraren 3. entsegua, transformazio eta guzti oraingoan. 16-17 azken emaitza. Donostiarrak pozik, 9 partida galdu ondoren irabaztea lortu zutelako eta zarauztarrak berriz, aho zapore oso garratzarekin, modu horretan galtzeagatik. Halere, Babyauto 4. da sailkapenean 41 punturekin, Getxo, Gernika eta Ourenseren atzetik. Hurrengo hitzordua hamabost egun barru Unben, Avia Eibarren aurka.

Bultza Beltzak!

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide