Nolanahi ere, bigarren itzuliko 3 partida jokatuta, Babyauto, Ohorezko B mailako talderik gazteena, 3. da sailkapenean, Getxoren eta Gernikaren atzetik. Bejondeizuela beltzak!
Aurkaria Ourenseko taldea izan arren, partida Koruñan jokatu zen, Acea de Aman, Ourenseren zelaia ez zegoelako baldintza onetan. Giro lainotua eta umela, baina zelaia txukun errugbirako.
Zarauztarrek estreinatu zuten markagailua, partida hasi eta berehala. 0-3. Juan Sorreluzek ondo aprobetxatutako zigor kolpea eta jarrera erakustaldia: zarauztarrak puntuak irabaztera joan ziren Galiziara. Ourenseren erantzuna: ez zuten ezer oparituko. Jason Wiremu Harveyren entsegua eta Martin Pablo Perezen transformazioa 4. minutuan. 7-3 markagailuan.
Hurrengo aukeran, zarauztarrek baloia bizi atera eta eskura jokatuta, zelaia zeharkatu zuten baloia ondo zabalduz. Jack Griffithsek pasea Juan Sorreluzi eta honek entsegua albotik. Transformazioaren 2 puntuak gehituta, 7-10 eta zarauztarrak aurretik, 10. minuturako.
Zarauztarrak sinistuta zeuden, baina handik gutxira bat gutxiago ziren zelaian, txartel hori bat tarteko. Joko gogorra zelaian, galiziarrak erasoan eta zarauztarrak eusten, eta lehen zatiaren erdia pasata, Ourenseren oldarraldia: 3 entsegu, bata bestearen atzetik, 5 minutuan, zarauztarren akatsak eta defentsako hutsuneak aprobetxatuta. Jason Harvey, David Comesaña Guillermo Hernandez eta Martin Pablo Perezen izan ziren puntuatzaileak. 2 transformaziotan kale egin eta 24-10 iritsi ziren atsedenaldira. Ourenseren aldeko zirudien denak, baina partida asko geratzen zen oraindik.
Bigarren zatia, Babyautorena izan zen. Ourensek erasoari ekin zion, baina oraingoan zarauztarrek jakin zuten aurkariaren huts egiteak aprobetxatzen. 48. minutuan, Jack Griffithsek, Ourenseren pase bat ohostu, eta entsegu marraraino ihes egin zuen. Zutoinen erdi-erdian utzi zuen baloia eta Juan Sorreluzek transformatu zuen. 24-17. Zarauztarrak partidan sartuta, eta puntu gosez. Galiziarren ostikada bat taponatu eta ekin zioten hurrengo erasoaldiari. Baloia eskuz-esku, berriz ere Jack Griffithek entsegua egin arte. Juanek transformatu eta 3 minutuan 14 puntu lortu zituzten zarauztarrek. 24-24, berdinketa. Ordu erdi luze, partida bukatzeko eta edozer gerta zitekeen. Ourenseren falta batek eman zion hurrengo aukera Babyautori. Txartel horia galiziarrentzat, jokalari bat gutxiago zelaian eta meléa Ourenseren 5 metroko marraren gainean. Baina ez zen posible izan. Ourensek irabazi zuen baloia eta urrundu zen zarauztarren entsegu aukera. Bi taldeak nor baino nor. 65. minutuan zigor ostikada Ourenseren alde, baina kale. Berehala beste bat, eta orduan bai, asmatu zuen Martin Pablo Pérezek. 27-24 etxekoak aurretik, amaieratik 7 minutura. Baina ezer ez zegoen galduta. 75. minutuan, Carlos Estradak, 40 metrotik sartu zuen Babyautoren aldeko zigor kolpea. Eta berdinketa berriz, 27-27. Zarauztarrek probetxu atera nahi zioten bidaiari eta bukaera arte bilatu zuten garaipena. Eta eskura izan zuten, azken minutuan, Ourenseren kontrako kolpea agindu zuelako epaileak. Zarauztarrek ordea, ez zuten asmatu ostikadan. 80 minutuan asmatu ez zuten bakarra. Horregatik, berdinketak ez zituen ase, emaitza txarra ez izan arren.
40 puntu ditu orain Babyautok eta 3. da, Ourenseren aurretik. Hurrengo partida ere Galizian, datorren igandean, Kaleido Universidade de Vigoren aurka.
Bultza Beltzak!