Garaipen bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko urr. 23a, 02:00

Inork zalantzarik bazuen, larunbatean, Astin, argi geratu zen Ohorezko B Mailan partida errazik ez dagoela. 26-20 irabazi zion Babyautok, Avileseko Pasek Belenos taldeari, baina emaitza alderantzizkoa ere izan zitekeen. Asturiarrak gehiago ziren pisuz eta tamainaz, partida trabatua joan zen eta inork ez zuen bere jokoa askatu, baina zarauztarrek partida salbatzea lortu zuten. Hartara, Babyautok sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du, Getxorengandik 2 puntura.

Bada ez bada, hobe lehen bait lehen puntuak biltzen hastea. 5. minutuan egin zuen Babyautok lehen entsegua. Touchetik baloia atera eta bizpahiru rucken ondoren, Unai Elustondok albotik lortu zuen marka egitea. Juan Sorreluzen transformazioarekin, 7-0 markagailuan. Berehala beste 3 puntu, Juan Sorreluzek, 40 metro ingurutik botatako zigor kolpe bati esker. 10-0. Hori izango zen zarauztarren arma partidan zehar: ostikadatan asmatzea. Pasek Belenosena berriz, euren jokalarien gorpuzkera eta indarra. 16. minutuan, 3 touche jokatu ziren segidan zarauztarren entsegu lerrotik 5 metrora. Hirugarrenean, maula osatu eta barruraino sartu ziren asturiarrak. Tomas Courten entsegua, Matias Daniel Jabaseren transformazioa eta 10-7 markagailuan. Hortik aurrera, bakoitza bereari eutsi nahian. Asturiarrak gogor erasoan eta zarauztarrak eskura jokatu ezinik. Atsedenaldiaren aurretik, talde bakoitzak beste hiruna puntu lortu zituen zigor kolpez. Juan Sorreluzek Babyautorentzat eta Matias Daniel Jabasek Pasek Belenosentzat. 13-10 atsedenaldian.

Bigarren zatian, zarauztarrak kementsu atera ziren zelaira. Hamar minutuan, bi aldiz iritsi ziren asturiarren 5 metroko marraraino, 2 aldiz entsegua lortzeko zorian eta bi aldiz ezin, Pasek Belenosen defentsa hautsi. Azkenean, Juan Sorreluzek botatako beste zigor kolpe batek ekarri zituen hurrengo 3 puntuak. 16-10. Hurrengo minutuak ordea ez ziren errazak izan. Txartel horia zarauztarren aurka eta zelaian bat gutxiago zirela, asturiarren bigarren entsegua, molde berekoa: touche-a, maul-a eta entsegua Nahuel Aluhe Dóvalok. 16-15.  Zarauztarrak, larri, baina eusten. 20. minutuan,  Pasek Belenosentzat izan zen txartel horia eta zarauztarrek jakin zuten aukera aprobetxatzen. Corey Simpsonek dropa, Jack Griffithsek zarauztarren 2. entsegua eta Juan Sorreluzek transformazioa. 26-15 partida amaitzeko 8 minuturen faltan. Patxadaz amaitzeko moduan? Ez ba! 77. minutuan, Pasek Belenosek bere 3. entsegua, aurreko bien molde berekoa: touche-a, maul-a eta entsegua. 26-20. Ez zen asko falta, baina asturiarrak ez zeuden amore emateko. Denbora amaituta atera zuten euren azken touche-a, zarauztarren 5 metroko lerroan. Bazirudien, bazetorrela beste entsegu bat eta partida asturiarrentzat izan zitekeela, baina azken metroan, zarauztarrek baloia berreskuratu, kanpora bota eta salbatu zen partida. 26-20.

Hurrengo hitzordua, urriaren 26an, larunbatean, 16:00etan, Donostian, Kote Olaizola zelaian, Bera-Beraren aurka. Sailkapenean, Bera Berakoak zarauztarren atzetik dira, lau punturen aldearekin, eta inor ez aspertzeko moduko partida izango da, itxura guztien arabera.

Euskal Ligako taldeak ere garaipena lortu zuen etxean, Astin, Esconsu Gaztedi taldearen aurka 21-7.

Sub18 eta Sub16 taldeek zorte ezberdina izan zuten etxean errioxako taldearen aurka, lehenengoek irabazi egin zieten 29-22 baina bigarrengoek porrot egin zuten 7-59.

Bultza Beltzak!

 

Argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/147471246@N05/albums/72157711430949687

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide