Garaiz irabazitako partida

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko urr. 7a, 16:58

(Jon Ander Vildosola)

Babyautok Vigoren aurka irabazi zuen partida larunbatean, Astin. Zarautz Rugby Taldeko kideek partidaren kronikatxoa egin dute, eta hemen dago ikusgai.

46-10. Emaitzak ondo islatzen du larunbat arratsaldean Astin gertatu zena. Partida bizia, lehen minututik. Galiziarren lerroa bizkor igotzen zen, baina zarauztarren defentsak tinko eutsi zion eta Babyauto beti joan zen aurretik. Erdilarien luzimendurako partida izan zen. Hutsuneak bilatu eta 7 entsegu egin zituzten dortokek. Sailkapenean, Babyautok 18 puntu ditu guztira eta bigarren da, Getxoren atzetik, puntu bakarrera.

Lehen hamar minutuetan ikusi zen partidak hartuko zuen traza.

5. minutuan, touchean ateratako baloia eskura jokatu eta zelaiaren beste hegaletik egin zuen marka Unai Elustondok. 9. minutuan, berriz, Jack Griffithsek, zarauztarren zelaian baloia ohostu eta karrera bizian zutoinen azpiraino eraman zuen, berak bakarrik. Transformazioa, Sebastian Sedranen kontua izan zen. 10. minuturako, 2 entsegu, 12-0 markagailuan eta seinalatuta, Babyautoren puntuak nortzuk egingo zituzten.

Vigoko taldea berriz, zigor kolpe bati esker estreinatu zen, 13. minutuan. Ezequiel Francisco Gabardosek lortu zituen Vigoren lehen 3 puntuak eta handik 6 minutura, bera izan zen Vigoren entsegu bakarra egin eta transformatu zuena ere.

12-10 markagailuan, lehen zatiaren erdian. Vigo bizirik, baina zarauztarrek distantzia nahi zuten atsedenaldira lasai joateko. 3 puntu Sebastian Sedranek zigor ostikada batean eta beste bi entsegu: bat, Corey Simposenek egin eta Sebas Sedranek transformatua eta bestea, Unai Elustondorena, 39. minutuan. 27-10, atsedenaldian. Aldagelan arnasa hartzeko moduan.

Bigarren zatian, Babyautok bildu zituen puntu guztiak. Jokoari ekin orduko, zarauztarren 5. entsegua eta transformazioa, Sebas Sedranek: 34-10. Vigok arrisku une bat baino gehiago eragin zuen zarauztarren marka lerroaren gain-gainean, baina Babyautoren defentsa sendoak behin eta berriz ebitatu zituen kontrarioen entseguak eta  hiru laurdenek berriz, eskura jokatuta, aukerak bilatu zituzten. Partida ongi errematatu nahi eta dortokek beste bi entsegu egin zituzten amaitu aurretik. Jack Griffithsek egin eta Sebastian Sedranek transformatu zuena bata, 70. minutuan eta bestea, bukaeratik 5 minutura, Sebas Sedranek berak egindakoa, Corey Simpsonek hasitako jokaldia borobilduz. 46-10 azken emaitza. 

Babyautok erasoko bonusa lortu zuen, aurkariari 3 entsegu baino gehiagoko aldea aterata eta 5 puntu batu zituen larunbatean. 18 ditu orain, bigarren segitzen du eta kontrako entsegu gutxien jaso dituen taldea da bere multzoan, Ohorezko B Mailako A taldean. Albiste txar bakarra, Carlos Estradaren lesioa izan zen. Lehen bait lehen osatzea espero.

Hurrengo partida, Avileseko Pasec Belenos R.C.ren aurka jokatuko dute, urriaren 19-20 asteburuan, Zarautzen, Astiko errugbi zelaian.

Bultza Beltzak!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide