Bukatu da

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2019ko mar. 26a, 01:00

Ligako azken partida zen Ohorezko B Mailan. Babyauto Zarautz, Bathco RC liderraren aurka, Santanderren. Lehen puntuak etxekoentzat izan ziren, zigor kolpe bat transformatu ondoren, baina zarauztarrak ez ziren kikildu eta lehen 20 minutuetan kantauriarren kontra oldartuta jokatu zuten. Transformatutako bi entsegu eta aldeko zigor kolpe bat lortu zituzten Jokin Elustondoren pase dotoreei, aurrelarien ahalmenari eta jokalari bakoitzaren erasorako kemenari esker. 3-17 markagailuan eta santanderkoak estutzen hasita.

Jokoa aldatu egin zen ordea, eta hurrengo 17 minutuetan etxekoek 24 puntu lortu zituzten, transformatutako 3 entsegu eta zigor kolpe bati esker. 27-17, 37.minutuan. Babyauto Zarautzek erantzun egin zuen: beste entsegu bat, transformazioa eta 4 puntuko aldea besterik ez atsedenaldia iritsi zenean. Bigarren zatia itxaropenez begiratzeko moduan.

Bigarren zatia ordea, etxekoena izan zen erabat. Santanderko taldea bikain aritu zen. Ezer ez barkatzeko, eta sekulako joko erakustaldia egin zuen. 68-24 amaitu zen partida.

Xabi Castañoren mutilek ez zeukaten ezer jokoan eta Bathcok irabazi beharra zeukan igoera faserako sailkapeneko lehen postuari eutsi ahal izateko; Castañok gainera, aukera eman nahi izan zien Babyauto Zarauzko gazte guztiei.

Aurtengo liga amaitu da dortokentzat Ohorezko B Mailan.

Gazteenei, berriz, beste aste pare bat geratzen zaizkie liga amaitzeko.

Asteburuan, sub16 eta sub18 taldeek, biek irabazi zuten Iruñean La Unica taldearen aurka.

28-29 garaipen estua 18 urtez azpikoek. Askoz nabarmenagoa,16 urtez azpikoena: 5-90 irabazi zuten, partida osoan lau jokalari gutxiagorekin aritu arren.

Bultza Beltzak!

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide