Partida hasi orduko, indarrak neurtu eta El Salvadorrek, Valladolideko taldeak, bere zelaian itxi zuen Babyauto Zarautz. Defentsa lerroen artean joko bikaina egin eta bisitariek zabaldu zuten markagailua 4.minutuan. Antzeman zitekeen partida oso berdindua zetorrela. Joanekoan, Valladolidekoek oso zail jarri zieten garaipena zarauztarrei eta pentsatzekoa zen errebantxa gosez zetozela.
Baina Babyauto etxean ari zen eta horrek beti eransten dio plusa jokoari. 17. minutuan, jokoa bisitarien 22ko marratik gertu zegoela, rucka osatu, José Larrañaga, uztartze edo melé erdilariak, baloia atera, Mikel Larrañagari pase on bat eman eta honek, abiadura eta indarrez, Beltzen aldeko lehen entsegua lortu zuen.
Baloia zelai erditik atera orduko Dortokaren taldekoek maul indartsua osatu zuten. Aurrera egitea lortu zuten metro mordoska bat, aurkariak 5 metroko eremuan sartu eta zigor kolpea lortu arte. Melé erdilariak bizi atera zuen baloia, aurrera segitzeko. Pasea orain José Mendezentzat eta honek bigarren entsegua zelaiaren eskuin alboko marratik oso gertu. 10-5, 21. minutuan, eta bi taldeak nor baino nor, joko ona eginez.
30. minutuan, Kastillako taldeak baloia ostikadaz urrundu eta Babyauto Zarautzek jaso zuen, baina Valladolideko jokalari batek pasea ohostu eta bigarren entsegua lortu zuen, batere oztoporik gabe, baloia zutoinen azpian utzita. Transformazioa erraza zen eta bisitariak aurretik berriro, 10-12.
Bi taldeen arteko norgehiagoka etorri zen ondorengo minutuetan. Jokoa berdinduta eta bakarkako jokaldi bikainak bi taldeetan, baina punturik ez eta 10-12koarekin iritsi zen atsedenaldia.
Bigarren zatia hasi orduko, Babyauto Zarautz meléa, uztartzea, lantzen hasi zen, bere armarik indartsuena. Nagusitasunez, erraz lortu zuen metroak aurreratu eta aurkaria bere eremuan txokoratzea.
52.minutuan, Iñigo Lasak borobildu zuen aurrelarien lana. Maula osatu eta entsegu marraraino sartu ziren. Eta beste 5 puntu etxekoentzat. 3 minutu pasata, aldeko zigor kolpea etorri zen. Corey Simpsonek transformatu eta beste 3 puntu lortu zituen. Aipatu, bide batez, Simpsonek, joko zabaltzaile postuan, apertura modura, jokatu zuela.
El Salvadorreko gazteak ordea, ez zeuden etsitzeko eta gogor borrokatu zuten baloi bakoitza, jokaldi guztietan. 73.minutuan lortu zuten saria: entsegua, zarauztarren estilora, marka-marraraino iritsi zen maul indartsu baten bidez. 18-17 eta transformaziorako aukera, baina ostikada ona izan arren, baloia ez zen zutoinen artetik pasa eta harmailek arnasa hartu zuten.
7 minutu partida amaitzeko. Baloia eta denbora kontrolatzen zituenarentzat izango zen garaipena. Edonork irabaz zezakeen, baina oraingoan zortea zarauztarren aldeko izan zen eta lortu zuten baloia kanpora botatzea epaileak amaiera seinalatu zuenean.
4 puntu garrantzitsu zarauztarrentzat eta 6. postua sailkapenean. Hurrengo hitzordua, zaila, Uribealdearen zelaian, zarauztarren 6. postu horretan bertan dagoen taldearen aurka.
Bultza Beltzak!