Borrokatua izan zen hasieratik. Aurkariak, Campus Ourensek, joko indartsua erakutsi zuen, erdilarien ahalmenean oinarrituta. Aurrez-aurre, Babyauto Zarautz, 20 urtez azpiko 5 jokalarirekin. Eta markagailua etxekoen alde estreinatu zen, Agustin Cittadinik transformatutako zigor kolpe batekin: 3-0, 3. minutuan.
Denborak aurrera egin ahala, ordea, gauzak korapilatzen hasi ziren. 9.minutuan txartel horia Agustinentzat eta zigor kolpea kontra. Ourensek ederki baliatu zuen berdinketa lortzeko.
Zelaiaren erdigunea kontrolatzeko norgehiagokan, Babyauto Zarautz aurretik jarri zen berriro, 13. minutuan, Facundo Pazek beste zigor kolpe bat transformatuta. Ourenseren 8ak ordea, Zelanda Berriko Zach Williamsek, etxekoen defentsa hautsi eta partidako lehen entsegua lortu zuen.
Kanpotarrek ondo eutsi zioten etxekoen meleari, nahiz horretan, uztartzeetan, zarauztarrak gailendu. 37. minutuan, epaileak kanporatu egin zuen etxeko harroina, pilierra, Jon Larrañaga, txartel gorria aterata. Epailearen ustez gaizki sartu zen ruck-ean. Handik 2 minutura, galiziarren bigarren entsegua etorri zen: 6-15 atsedenaldian eta egoera zaila Beltzentzat.
Bigarren zatian, dortokek kasta erakutsi zuten eta jokoa hasi orduko, 2. minutuan, Agustin Cittadinik beste zigor kolpe bat transformatu eta aldea murriztea lortu zuen. Orduan ikusi zen etxekoen jokorik erasokorrena eta 67. minutuan Adrian Apaolaza gazteak beste entsegu bat egin zuen Babyauto Zarautzentzat. Taldearen eraso-jokaldi oso baten emaitza izan zen. Etxekoen 10 metroko marraren parean hasi zen jokaldia, aldeko touch batekin. Jokalari hainbaten artean aurrera egin eta Sebastian Sedranek lortu zuen ihes egitea eta aurkarien zelai eremua, bizi-bizi zeharkatzea. Adriani baloia pasa eta honek egin zuen entsegua azkenik. 14-15, Cittadinik ez zuelako transformaziorik lortu.
Ourensek ez zuen etsi eta beste entsegu eta transformazio batekin amaitu zuen Astira egindako bisita. 14-22 amaieran. Seigarren jardunaldia eta seigarren lekua sailkapenean Babyauto Zarautzentzat. Euskal Ligan, Senior B taldeak ere galdu egin zuen La Unicaren aurka 51-17. Jorge Peruchenak eta Andoni Amonarrizek lortu zituzten Beltzen aldeko entseguak.
Garaipenak gazteen eskutik etorri ziren, Ordiziari irabaztea lortu zutelako bai 18 eta baita 16 urtez azpikoek ere. 39-15 eta 28-17.
Hurrengo asteburua interesgarri dator oso. Zarautzek BeraBera izango du aurkari Anoetan, Kote Olaizola zelaian. BeraBera zarauztarren aurretik doa sailkapenean puntu kopuru berarekin eta zaleek izango dute taldea animatzeko aukera.