Hala izaten dira gauzak. Zeure onena ematen duzunean, erori eta altxa egiten zarenean metro bat gehiago lortzearren, etxetik kanpora, bakarrik zaudenean eta zaleak kontra, orduan, batzuetan, falta zaizun arnas kolpe horrek ematen dizu kemena, denbora agortzear denean, marra pasa eta baloia lurrean uzteko. Hori da saria, garaipena zeurea bada.
34-35, azken emaitzak laburtzen du partida.
3. minutuan, Babyauto Zarautz lasterketa ikusgarri batekin hasi zen. Aurkariei izkin eginda, Sebastian Sedranek entsegua eta Agustin Cittadinik transformazioa lortu zituzten. Kaleido Vigok ordea, eutsi, gureak estutu eta berdinketa lortu zuen zigor entsegu batekin, 12. minutuan.
Eta hortxe hasi zen, batek erasoa jo eta besteak defentsan eutsi, bi taldeen norgehiagoka.
Dortokaren taldeak, gogor eutsi eta ia akatsik egin gabe, lortu zuen Mikel Larrañagak beste entsegu bat egitea eta “Agus” Cittadinik transformatzea. Vigoko taldeak ordea, ospatzeko astirik ere ez zien eman zarauztarrei eta hurrengo hiru minututan, beste entsegu bat egin zuten. Beltzak ez ziren kikildu eta Xalbat Amilibiaren transformazioari esker lortu zuten aldeari eustea. Etxekoek ez zieten urruntzen utzi eta 19-21 iritsi ziren atsedenaldira. Partida gogorra eta korapilatsua izan zen, tentsio handikoa; Vigok etxean, bere jendearen aurrean, asko zuen jokoan eta Babyauto Zarautzek ez zuen abantaila galdu nahi.
Bigarren zatia hasi eta 4 minutura, etxeko joko-zabaltzaileak, aperturak, dropa bota eta beste 3 puntu lortu zituen. Horrek min egin zien euskaldunei; erritmoa jaitsi zuten eta baita garesti ordaindu ere. Kaleido Vigok 2 entsegu egin zituen 10 minutuan eta 34-21 aurreratu ziren.
Etxeko taldea hazita, ez zuten kontuan hartu dortokek aurrera egiten dutela, mantso baina etsi gabe. Zarautzek aurrera egin eta etxekoak estutu zituen beste entsegu parea egin arte. Agustin Cittadinik egin zuen bat eta Corey Simpsomek bestea, 72. minutuan. Biak transformatu eta zarauztarrak aurretik jarri ziren 34-35. 7 minutu besterik ez partida amaitzeko.
Bukaera zaila eta oso gogorra izan zen eta azken minutuan, eztabaidarako jokaldia: Babyauto Zarautzen aldeko mele batekin, epaileak zarauztarren kontrako kolpea adierazi zuen. Entzuteko moduko isilunea egin zen As Lagoas Marcosenden; baloia zutoinetara bidean eta sekulako tentsioa. Etxeko linierrak altxa egin zuen banderatxoa, baina gutxigatik, baloia ez zen sartu. Ez beste linierrak, ez eta epaileak ere, ez zuten ontzat eman eta jokalarien eta zaleen amorruak gainezka egin zuen.
5 puntu oso baliotsu Babyauto Zarautzentzat. Eta jardunaldi ia borobila Babyauto Zarautz osoarentzat. Senior B taldeak, ondo jokatu arren, galdu egin zuen Arratiako Zekorren aurka, baina beste guztientzat jardunaldi ona izan zen. Sub16 eta Sub18 taldeek irabazi egin zieten La Unicako nafarrei eta igandean, Lasarteko zelaian 10 eta 12 urtez azpikoek joko ona erakutsi zuten. Oraina eta etorkizuna, iragana ahaztu gabe. Ahaleginak eta lanak saria uzten dutelako.