Denboraldiko lehen partiduak urteko garapena finkatzen badu, jardunaldi hau modu ezberdinetan interpretatu daiteke.
Partidua 12:30tan hasi zen Ferroleko errugbi zelaian eta Babyautoko mutilek lehen minutuan baloiaren jabetza galdu gabe Corey Simpsonek lehen entsegua lortu zuen. Agustin Cittadini joko zabaltzailearen ostikadarekin 0-7koa jarri zen markagailuan eta sentsazio onak bildu ziren taldekideen artean. Jokalarien artean Xabat Larrea eta Jokin Elustondo, 18 urteko harrobiko jokalariak, zein lehen taldearekin estreinatzen ziren.
Partiduaren lehen uneetan etxeko jokalari pisutsuak aguantatu ostean, 17. minutuan Coruñako CRAT-ek zigor kolpe bat bihurtzea lortu zuen eta 5 minutu beranduago bere aldetik egin zuen Agustin Cittadinik 3-10 jarriaz. Agustin Cittadini, Sebastian Sedrán eta Facundo Paz-ekin Argentinatik etorritako jokalariak dira taldea sendotu eta beraien kalitatea emateko.
Jokoa hobetzen hasi zen talde galiziarra eta 36 minutuan markagailua berdintzea lortu zuten entsegu eta bihurketa berri baten bidez. Momentu honetatik aurrera Agustin Cittadinik zigor kolpe erraz bat utsegin zuen eta atsedenaldira joateko momentuan etxeko taldeak ostikada bat lapurtu eta entsegu berri bat egitea lortu zuen.
Bigarren zatiko 9 minutuan Agustinek beste bihurketa bat egitea lortu zuen, aldea txikituaz 17-13ra, baina 5 minutu eskasera CRAT taldeak aldea handitzea lortu zuen beste ostikada batekin eta horrela iritxi ziren bi taldeak 78 minuturarte. Azkenean etxeko taldeak hirugarren entsegua egitea lortu zuen markagailua 27-13 utziaz.
Esan beharra dago talde Zarauztarrari asko kosta zitzaiola bere 22tik ateratzea etxeko taldearen presioa zela eta. Gainera Jon Larrañagak bi txartel hori jaso zituen eta taldeak denbora luzez bat gutxiagorekin moldatu behar izan zuen.
Hirulaurden konpentsatua eta aurrelari sendoak ditugula irakur daiteke partidutik, baita aurkariek ezer oparituko dutela ere. Aurten akatsak garesti ordainduko dira.
Bultza Beltzak!