Aurreko urtean egindako lana gainditzea izango da Babyauto Zarautz Rugby taldearen lan nagusia hastera doan 2016-2017 denboraldi honetan. Corey Simpson jokalariaren laguntza izango dute aurtengoan: 31 urteko Zeelanda berriko mutila (183 zm, 98 kg) Hiru laurdeneko lerrorako errefortzu handia izango da eta hasiera batean joko zabaltzaile bezala lehiatuko bada ere erdilari edo atzelari bezala ere esperientzia du Coreyk. Christchruch taldean eman zituen lehen pausuak, West Coasten. New Zealand Heartland eta Canterbury NPC taldeengatik aukeratua ere izan da bere ibilbidean. Bere herrialdeko selekzio nazionalean ere jokatutakoa da Estatu batuen aurkako norgehiagokan, eta Espainiarekin ere partidak jokatu zituen 2012-2013 denboraldian. Gipuzkoara 2009. Urtean iritsi zen Ampo Ordiziak fitxatu zuenean. Goierriko taldea bere etxea izan du aurreko denboraldi arte. Ordiziak eskuratutako 2 errege kopetan pertsona garrantzitsua izan zen Corey eta baita Phil Huxford ere. Simpson ahalmen handiko jokalaria da, defentsan lan handia egiten duena, eta oin indartsua duena. Azken ezaugarria izan da Corey fitxatzeko punturik garrantzitsuenetako bat, Lucas Panichelliren agurraren ondotik. Duen esperientzia ere oso baliagarria izango da talde zarauztarrarentzat, batez ere jokalari gazteentzat. Kalitatea bermatua du, eta Astiko zelaian emozioa jarriko duela ere jakina da. Babyauto Zarautz Rugby Taldeko presidentea, Gaizka Zulaika, pozarren agertu da horrelako curriculuma duen jokalari bat Zarautzera ekarri ahal izateagatik, eta ziur dago taldearentzat jokoan onura besterik ez duela ekarriko. Lehen taldea uztailak 28an, ostegunean, hasiko ditu entrenamenduan. Arratsaldeko 19:30etan ekingo diote prestaketa lanei. Aurtengo honetan, astean 4tan egingo dute lan: Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan. Phil Huxforden aginduetara egingo dute lan beltzezko mutilek. Lerro hauetatik errugbia probatu eta kirolaz gozatu nahi duen orori ere mezua bidali nahi zaie, taldea zabalik baitago, eta jokalari denak ongi etorriak baitira.