Larunbat ahaztezina Zarautz Rugby Talde guztiarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Rugby Taldea 2015ko aza. 16a, 00:00

Maila guztietan lortu zen garaipena. 16 urtetik azpikoek zabaldu zuten larunbateko jardunaldia, Bilboko El Fangon 7-40 irabaziz. Talde beraren aurka baina 18 urtetik azpikoek 19-38 garaipena eskuratu zuten. 14 urtetik azpikoek Logroñon jokatu zuten eta Babyautoko gaztetxoek 29-36 markagailua ekarri zuten etxera.

Seniorrek aldiz ohorezko B mailako partida etxean jokatu zuten Real Oviedo Rugbyren aurka. Talde ezaguna, ligako liderraren aurka lehiatzeko gogoz zetorrena. Asturiarrak jokatzeko gogoz heldu ziren zarautzera. Hasieran eusten saiatu ziren arren, minutuak aurrera zihoazen heinean nabaria zen etxeko taldearen nagusitasuna. Lucas Panichellik zabaldu zuen markagailua 13. minutuan zigor kolpe baten ondorioz jaurtitako ostikadaz. Ondoren Phil Huxfordek arerioaren marrako zulo bat aprobetxatuz entseatzea lortu zuen 18. Minutuan. Oviedo ez zen kikildu inongo momentuan eta ohorezko mailan zergatik dagoen erakusteko gauza izan zen: Paseak, touchak, meleeak... denetan euren indar guztia erakusten saiatzen ziren. Horrela lortu zuten zarauztarren entsegu markara iristea 33. Minutuan 8-7ko emaitza markagailura igoz. Atsedenaldiaren ondoren Zarauztarrek ligako lidertza esku artean zergatik duten erakusteko gai izan ziren 2. minutura Philek bigarren entsegua lortu baitzuen. Asturiarrek jokoan jarraitu nahi zuten baina dortokek euren jokaldi bakoitza deuseztatzea lortzen zuten. Aldaketa batzuen ostean Mikel Eceiza azkoitiarrak bere ahalmena erakutsi zuena: Oviedoren linearen gainetik pasaz eta zarauztarrentzat entsegu berri bat lortuz. Panichelliren ostikada eraginkorrak transformazioa ekarri zuen etxeko taldearentzat. Bisitariek ez zuten inongo momentuan amorea emateko intentziorik erakutsi, eta jokaldi ezberdinekin lanean jarraitu zuten, baina ezinezkoa zitzaien arerioaren marran baloirik sartzea. Philek azken minutuetan bere hirugarren entsegua gauzatzea ere lortu zuen, Panichellik transformatuz. Horrela lortu zuten Babyautokoek garaipena eta eraso bonusa.

Gogoan ongi mantendu beharreko eguna izan zen larunbata, eta ziur ez dela izango aurten dordokek eskainiko duten azkena.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide