ZKEko Futbol saileko gaur egungo zuzendaritzaren ordezko bila

Erabiltzailearen aurpegia Zarautz Kirol Elkartea 2016ko mar. 11a, 15:07

Denboraldi amaieran amaituko du ibilbidea egungo zuzendaritzak

Bazkide agurgarriak,

Idatzi honen bidez ZKEko futbol saileko zuzendaritzak jakinarazi nahi dizue aurtengo denboraldiaren bukaeran (ekaina) zuzendaritza honek gaur egun egiten ditugun lanak burutzeari utziko diogula; indarberritutako eta lanerako gogoarekin sartuko den Zuzendaritza berri baten ideiarekin gatoz.

Gaur egungo zuzendaritzako kideek 5 urte edo gehiago daramatzate futbolean lanean. Hau dela eta, ZKE elkartearen funtzionamendu onaren hobe beharrez eta Zarauzko gaztediari zor zaion arreta piztuta jarraitzearren, zuzendaritza berritzearren beharra ikusten dugu. Izan ditugun asmatze eta hutsegiteekin, gure lan taldea zuzendaritzan nahiko denbora egon dela pentsatzen dugu eta gure lana ahalik eta ondoen egiten saiatu gara, beti ere herriko gazteriarengan pentsatzen egin dugu lan.

Urte hauek momentu on eta txarrak izan dituzte baina eguneroko lanakgure indarrak ahuldu ditu, bilerak, bidaiak, txapelketen antolaketak, plaieroak, 2.400 haurren kudeaketa... Hau guztia, kide bakoitzak bere ohiko bizitzan dituen familia, lana eta abarrekin uztartuz. Instituzio aldetik hartutako erabakiek ere, gure kemenean eragina izan dute. Batzuetan gutxietsita sentitu gara, egin dugun lanak ez duela balio izanaren sentipena eman digu eta egindako esfortzua, denbora, xahututako dirua eta lanak ez duela askorako balio izan iruditzen zaigu.

Erakundeek araudietan izan dituzten erreformak aurrera eramatea izan da guretzat lanik zailena. Futbol saileko oinarrizko taldeetan haur guztiek parte hartzeko aukera izatearen erabakia hartzera derrigortu gaituzte. Zuzendaritza honek ideia baikorra eta logikoa dela deritzo, haur guztiek dute futbolean aritzeko eskubidea  eta gainera inolako sailkapenik egin gabe.

Baina lan hau  aurrera ondo eramatea ezinezkoa zaigu. Inposatutako betebeharra aurrera eramateko nahiko diru-laguntzarik ez dago, entrenamenduetako materialaren gastua handiagotzen du (baloiak, txinoak, petoak e.a.), joan-etorri gastuak handitzen dira, entrenatzaile gehiago behar dira, besteren askoren artean. Eta ahaztu gabe Zarauzko herriak,  hau guztia aurrera eramateko azpiegitura aproposik ez duela. Izena ematen duten haur kopurua handia da eta kudeaketa on bat burutzea ezinezkoa egiten zaigu. Hala eta guztiz ere, ahal dugun eta jakin dugun ondoen egiten saiatu gara.

Aurrerantzean etor litezkeen kirol kudeatzaileek guk izan ditugun arazoak eta lanean jarduteko zailtasunak ez jasateko helburuarekin Zarauzko Udalari laguntza eskatzen diogu. Etorkizuneko batzarraren lanak erraztu asmoz, udala eta elkartearen arteko komunikazioa zuzena eta gardena izatea ezinbestekoa eta beharrezkoa ikusten dugu, eta hori aldarrikatu nahi dugu. Elkartearen funtzionamenduarekin zerikusia izan dezaken edozein erabaki hartu aurretik, ezinbestekoa deritzogu udalaren eta jarduneko zuzendaritza batzarraren artean elkarrizketa gauzatzea, azken hauen ikuspuntua kontuan hartzea ezinbestekoa baita.

Idatzi hau momentu honetan argitaratzearen zergatia hurrengo Zuzendaritza batzarrak denboraldia prestatzeko eta antolatzeko denbora izan dezan da. Elkarteko atal honentzat ahaztezina eta garrantzitsuena Zarauzko gazteak eta futbolean jokatu nahi dutenak dira. Herritarron zati handi bat baitira gure kirol honetan aritu nahi dutenak, kontuan hartuta futbolean plaieroetan hasten direla eta Euskadi edo Nazional maila arte jokatzeko aukera dutela.

Aurkeztuko den zuzendaritza batzarrari trantsizioa ahal den errazena izan dezaten gure laguntza osoa dute edozertarako, informazioa, metodologia, e.a. Edozertarako eskura gaudela esan beharrik ere ez dugu. Guztiaren plangintza egiteko denbora izan dezagun, zuzendaritzara aurkeztu nahiko luketen kideek lehenbailehen egin dezaten eskatzen dugu. Astearteetan arratsaldeko 18:30etatik aurrera biltzen gara ZKEko bulegoan.

Agur bero bat



Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide