ZAEko kadete neskak Espainiako txapeldunorde trainerilletan

ZAEko kadete neskek zilarrezko domina lortu dute GAlizian (ZAE)

Gizonezko seniorren trainerua hamargarren sailkatu zen denboraldiaurreko Mutrikuko XXIII Banderan.

Maiatzeko azken asteburua ondo bete dute ZAEko arraunlariek: gazte kategoriekin hasita, larunbatean aulki mugikorreko estropada izan zuten Legution (Araba), eta 6 ontzirekin lehiatu ziren bertan. Aldi berean, gizonezko seniorrek Mutrikuko XXIII Banderan izan zuten hitzordua, urtero legez, udako denboraldia hasi aurretik gelditzen diren estropada gutxitako batean. Eta guztia borobiltzeko, kadete neskek asteburu osoa pasa dute Moañan (Galizia), Espainiako trainerila txapelketarako sailkatu baitziren, eta baita emaitza ederrekin itzuli ere.

Legutioko estropadari dagokionez, gazteen entrenatzaile Ander Maio oso gustura agertu da egindako lanarekin. Parte hartu zuten infantilek lehen aldia zuten aulki mugikorreko lehiaketa batean, eta urtearen zatirik handiena aulki finkoari dedikatzen diotela kontuan hartuz, ederki aritu dira. Laister izango dute Gipuzkoako aulki mugikorreko txapelketa, eta bertan borrokatzeko gai izatea espero du Maiok. Guztira, ZAEko honako ontziak lehiatu ziren Legution: 2X eta bi 4X infantil kategorian, 2X kadetetan eta 2X jubeniletan, gizonezkoei dagokienez, eta 1X emakumezko jubeniletan.

Aulki finkoko kontuetara itzuliz, neguko “test” estropaden osteko geldialdia amaitu da, eta Mutrikukoarekin hasita, astebururo izango ditugu traineru estropadak. Liga nagusiak asteko hiru aste pasa falta diren honetan, Mutriku, Leikeitio eta Ondarroako estropadak azken neurketak, azken probak egiteko uneak izaten dira, lehiaketa hasterako entrenatzaileek ontzia nahi duten lekuan jar dezaten. Eta ZAEko gizonezkoek baikor izateko arrazoiak eman zituzten larunbatean.

Giro aparte izan zuten arraunerako: eguraldi ona, haize txikia eta jolaserako moduko itsasoa. Mutilak gustura zetozen aurreko asteko entrenamenduetatik, eta egunean bertan ere sendo egin zuten arraunean. Lapurdi izan zuten aurkari binakako erlojupeko txandan, eta hasieratik hartu zieten aurre iparraldekoei. Kanporanzko luzeetan patxadaz egin zuten arraunean, eta itzulikoetan berriz kosk, bereziki azken luzean, txanda nagusitasunez irabaziz. Sailkapen orokorrean 10. postuan gelditu ziren zarauztarrak, 20:47,86ko denborarekin, irabazle izan zen Donostiarrarengandik ia 42 segundora. Baina KAE 1 ligan aurkari izango dituen ontziei begiratuz, soilik San Juan (20:39,44) eta Arkote (20:45,85) izan zituen aurretik, 8 eta 2 segundora, hain zuzen ere. Atzetik utzi zituzten Zumaia, Santurtzi eta Lapurdi; 5, 11 eta 28 segundora, hurrenez hurren.

Kuadrilla hauxe izan zen arraunean larunbatean, Gaizka Garmendiak zuzenduta: Haritz Lozano, Ion Jauregi, Aitor Elizondo, Manex Otaegi, Gorka Zubeldia, Axi Manterola, Ioritz Zubilaga, Mikel Etxabe, Oinatz Egiazabal, Andoni Lopez, Anjel Mari Urzelai, Ander Maiz eta Elias Astiazaran.

Azkenik, eta asteburua ederki borobiltzeko, kadete neskek zilarrezko domina ekarri zuten Galiziatik. Aurreko asteko Euskadiko txapelketan erdietsi zuten 2. postuari esker eskuratu zuten estatuko txapelketarako txartela, eta beraz, zita bikoitza izan dute azken asteburu honetan ere: larunbatean sailkapen estropada, eta egindako lan onari esker, igandean final nagusia. Jexux Mari Garmendiak eta Alex Orenak gidatutako taldeak berebiziko amaiera eman dio gutxitik gehiagorantz egin duten trainerilla denboraldi honi.

Orenak dioenez, larunbatean bazuten sailkatzeko itxaropena, baina ezer ez zegoen ziurtatuta. Taldea puntu onean iritsi zen, neskak gose ziren, estropada aparta egin zuten… eta hamarren bateko aldearekin lortu zuten Mecoseko galiziarrei aurrea hartu eta finalerako sailkatzea! Nerbioak airean jartzeko moduko txanda. Baina biharamunekoa ere ez zen gutxiagorako izan: aurkari gogorrez betetako txanda batean, denboraldiko onena eman behar izan zuten kadeteek, eta ziaboga pare bat segundo atzetik eman arren, amaiera arte estutu zituzten txandan buru ziren Boirokoak. Eta nola estutu… helmugara iristean soilik 6 hamarrenek banatzen zituzten bi ontziak, eta Zarautzera ekarri dute zilarrezko domina. Denbora ofizialak hemen eskura daitezke: https://cdn.leverade.com/files/FZfmjBPf2Y.pdf (larunbata) eta https://cdn.leverade.com/files/Q3hv3nIhfd.pdf (igandea).

Aines Galparsoro izan zen txapelketan parte hartu duen ontziko patroi, eta arraunlariak, berriz, Udane Orbegozo, Ekhine Irureta, Nora Merino, Iratxe Irureta, Lohitzune Orbegozo eta Maddi Landa izan ziren. Zorionak taldeko guztiei!

Iluntzeko 09:30ak aldera iritsi ziren arraunlariak herrira, eta bertan, arrauneko foso parean zain zituzten hainbat lagun, senide eta ZAEko beste hainbeste arraunlari, merezitako harrera egiteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide