Enbata Hondarribiako estropadan hirugarren izan da

Zarauzko Enbata KAE 1 Ligako Hondarribiako estropadan hirugarren izan da, azken luze ikusgarri bati esker. Imanol Tubia arraunlariak balorazio oso positiboa egiten du.

 Enbatako mutilak XI. Hondarribiako arrantzaleen kofradiako banderaren estropadan lehiatu ziren atzo,  KAE 1 ligaren azken txanpa den honetan. Zarauztarrentzako estropada eremu aproposa izan da beti eta emaitza ligako onenetarikoa izan da. Enbata hirugarren izan da, Donostiarra irabazletik 20 segundu eta bigarren lekeitiarretatik 3 segundu eskasera. Zarauztarrek atzetik aurrerako estropada egin dute nabarmen, hirugarren ziabogan seigarren postuan baitzen. Baina azken luze ikusgarriak txanda irabazi eta estropadan hirugarren egitera eraman du.
 
Estropada honetako tripulazioa Aitor Urkola patroiak, Imanol Toledo eta Aitor Jauregi “Naxi”, Edgar Tamellini eta Imanol Tubia, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Gorka Imaz eta Iñaki Agues, Imanol Eizagirre eta Unai Agirre, Eneko Esteibar eta Oinatz Arretxe, eta proel Beñat Eizagirre arraunlariek osatu dute, popatik proara.

Imanol Tubia arraunlariaren balorazioa

 Hona hemen Imanol Tubia (1992, Zarautz) arraunlari estriborrak egindako balorazioa:
 
“Aste guztian zehar oso ondo entrenatu dugu eta sentsazio onekin, betiko motibazioarekin atzoko estropada prestatzen. Eta atzo gauzak ondo atera zitzaizkigun.
 
Hasieratik dena eman genuen baina txandako beste ontziek ere maila oso ona eman dute. Estropada osoa borrokan eman genuen Getaria eta Deusturekin eta  hirugarren ziabogan seigarren ginen. Azkeneko luzean, ordea, olatuak hartu eta hartu ibili ginen eta tandaren burua eskuratu genuen. Hortik aurrera, hirugarren txandako traineruak atzean uzteko helburuarekin arraunean jarraitu genuen, eta baita lortu ere, Zumaia eta Santurtzi baina azkarrago izan baikara. Aspaldiko partez kaleak ez zigun kalterik egin eta aprobetxatzen eta ez konformatzen jakin genuen, eta horra hor emaitza, hirugarren izan baikara.
 
Hurrengo asteko estropadari heltzeko irrikitan gaude eta inoiz baina prestuago. Etxean izango da gainera!”
 
Goian aipatu bezala 2017ko KAE 1 Ligako azken txanpa da. Hurrengo astebukaera da azkena, bi estropadarekin. Abuztuak 19 larunbatean Zarautzen, eguerdiko 12:00etan. Eta abuztuak 20 igandean Deustun, arratsaldeko 17:00etan. Animatu Enbata animatzera!
 
 
Aupa Zarautz!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide