Enbatako mutilek asteburuan hitzordu bikoitza izan dute Plentzian. Donostiarra ligan nagusi dabil eta lidergo hori kolokan jarriko duen ontzirik ez da aurten KAE 1 ligan. Bi jardunaldietan irabazle atera da eta, denborak batuta, bigarren izan den Santurtziri 40 segundu sartu dizkio. Enbatak sentsazio onak izan ditu baina aurreko asteko emaitza errepikatu dute, zortzigarren postuan sailkatu baitira bi egunetan.
Larunbateko denborak estuak izan dira orohar. Donostiarrak berak 2 segundogatik irabazi dio Santurtziri, eta Portugalete segundo bat baina gutxiagogatik gailendu Enbatari. Igandean ere tarte txikia izan dute zarauztarrek aurretik gelditu den Pedreñarekin, 3 segundo azkarrago izan baitira soilik. Bi kasuetan, ordea, irabazletik 40 segundura gelditu da Enbata.
Sailkapen orokorrean aldaketarik ez du suposatu asteburu honek, zarauztarrek zazpigarren jarraitzen baitute. Pedreña, Arkote eta Portugalete dira, hurrenez hurren, sailkapen orokorrean Enbataren atzetik doazenak. Liga irregularra burutzen ari dira, eta Enbata oso erregularra, honek puntuetan duen ezinbesteko inpaktuarekin. Zarauztarrak eroso daude bigarren txandan, puntu poltsa ederrarekin, ligako azken postuetako mamua urrun eta tandako beste oilarrekin borrokatzeko aukera baliatzen.
Iñaki Aguex arraunlariaren balorazioa
Honako balorazioa egiten du Iñaki Aguex (1985, Zarautz) arraunlariak:
“Bi aste xelebre igaro ondoren gogotsu iritsi gara Plentziara. Larunbatean giro narratsa zebilen eta brankako luzeetan arraunketa sakon bati esker ontzia egonkor eramatea lortu dugu. Poparean ordea, lan gehiago izan dugu itsasoaren egoera zela-eta. Kalearekin zorterik ez baina, taldeko sentsazioa ez da batere txarra izan.
Igandean eguraldi hobea izan genuen. Irteera estua izan zen baina lehen ziabogara arte beste taldeekin paretsu ibili ginen. Poparean larunbatekoa ekiditen saiatu eta bigarren ziabogan getariarren parean ginen. Brankaz hirugarren luzea ederra izan zen, taldea oso motibatuta zegoen. Estropadako emaitza azken ziabogatik aurrera okertu zitzaigun. Olatuen norantzak laugarren kaletik lehendabizikorako joera nabarmena zuen Plentzian eta laugarren kaletik zihoanak olatuak askoz gehiago aprobetxatu zituen, gure kaltetan, lehen kalean ginenok.
Postuarekin ez gara gustura gelditu noski, baina taldea oso elkartuta dago eta falta diren azkeneko estropadetarako irrika nabaritzen da bai entrenamentu eta bai estropadetan. Baita emaitzetan gora egin eta talde honek eman dezakeen guztia erakusteko, liga hasieran bezala”.
Hurrengo estropadak
Hurrengo larunbatean estropadarik ez da ospatuko KAE 1 Ligan, igandean soilik. XI. Hondarribiako arrantzaleen kofradiako bandera lehiatuko da, arratsaldeko 17:30etan, itsasoan 4 kaletara. Enbatak emaitza ederra etxera ekartzeko aukera polita.
Aupa Zarautz!