Enbata Pedreñan zortzigarren

Zarauzko Enbata 2017ko KAE Ligako bi estropadetan lehiatu da asteburuan, Pedreñako hitzordu bikoitzean. Gorka Imaz arraunlariak estropaden balorazioa egin digu.

 

Pedreñako hitzordu bikoitza

Enbatako mutilak asteburuan hitzordu bikoitza izan dut Pedreñan. Estropada bakoitzak sailkapen orokorrerako puntuak indibidualki eman arren, bandera eskuratzeko bi estropaden denbora batu da. Zarauzko estropada bikoitzean bezalaxe. Ikurriña Donostiarrak eraman du berriz ere eta Enbatako mutilak 8. Postuan sailkatu dira bi egunetan.

Larunbateko denborak hestuagoak izan dira, Enbata bera 8. Gelditu arren Donostiarrarengatik 35 segundu baina gutxiagora amaitu baitu estropada. Lekittarra, Zumaia, Pedreña eta Deustu ere 10 segundoren buruan mugitu dira, Liga honetan palada bakoitzak duen garrantzia itzela dela frogatuz berriz ere. Igandean berriz distantziak handiagoak izan dira, Donostiara berak Enbatari ia minutu bat atera dio eta. Gainontzeko ontziak ere zarauztarrengandik gehiago urrundu dira, baina edozein kasutan, 20 segundoren buruan Enbataren aurkari zuzen guztiak. 

Segundo gutxiren gorabeherak sailkapen orokorrean eragin handia du ordea. Pedreñako asteburuaren ostean zarauztarrak 7. Postuan daude sailkapen orokorrean, Pedreña eta Arkoteren aurretik alde nabarmenarekin. Hala ere, bigarren txandan mantendu eta Ligako oilarrekin borrokatzeko egoeran dago Enbata.

 

Gorka Imaz arraunlariaren balorazioa

Honako balorazioa egiten du Gorka Imaz (1988, Orio) arraunlariak:

“Pedreñako eremuak ez gaitu bereziki laguntzen. Ur gutxi eta haize handiko estropadak izan dira eta gu ontzi arina izanik, motor txikikoa, honelako jardunaldiak ez dira guretzako aproposenak.  

Larunbatean ez genuen gustura amaitu egindako lanarekin eta igandean bezperako arantza kentzeko asmotan atera ginen uretara. Irteera indartsua egin genuen eta indarrak iraun arte maila polita eman genuen, aurkari zuzenekin borrokan.

Pozik gaude orain arteko mailagatik eta liga erdia eginda, beste erdian guretzako aproposak diren estropadak datozelako, hau da, itsaso zabalean. Taldea gogotsu dago estropada hauetan egurra ema neta Enbatari dagokion mailan aritzeko”.

 

Hurrengo estropadak

Hurrengo larunbatean estropadarik ez da ospatuko KAE 1 Ligan, igandean soilik. Isuntza Arraun Elkarteak Lekeition antolatuko du estropada, eguerdiko 12tan. Enbatarentzako eremu oso egokia aurreko urtetan frogatu duten bezala.

 

Aupa Zarautz!                                                                                                    Zarautz, 2017ko uztailaren 23a

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide