Enbatak liga oso indartsu hasi du

2017ko KAE liga hasi da Santurtziko XXXVIII ikurriñan. Bertan Enbatak hirugarren postuan amaitu du, liga ezin hobe hasiz. Danel Irasuegi “Axpe” arrunlariak bere balorazioa egin digu.

Enbata hirugarren postuan Santurtziko estropadan

 Zarauzko seniorrek Santurtziko XXXVIII estropadan hartu dute parte, 2017ko KAE ligako lehen estropadan. Bertan postu benetan ona eskuratu dute, 3. Sailkatu baitira. Lehena Santurtzi izan da, etxeko ontzia, 20:11ko denborarekin. Donostiarra izan da bigarren, eta Zarautz hirugarren, 4 eta 7 segundora hurrenez hurren. Oso gertu beraz. Enbataren atzetik gelditu dira ligako oilar asko, Lekeitio, Deusto, Zumaia, Orio, Pedreña eta Portugalete, adibidez. Santurtziren txandan lehiatu da Zarautz, lehen eta bigarren kalean hurrenez hurren, eta estropada hasieratik markatu distantzia mantendu dute bi ontziek.

 Estropada borobil honetan Enbata Aitor Urkola patroiak, Imanol Toledo eta Aitor Jauregi “Naxi”-k, Edgar Tamellini eta Imanol Tubia, Xabi Ormazabal eta Imanol Gurutxarri, Gorka Imaz eta Iñaki Aguex, Imanol Eizagirre eta Unai Agirre, Danel Irasuegi “Axpe” eta Oinatz Arretxe, eta Beñat Eizagirrek osatu dute.

 Danel Irasuegi “Axpe” arraunlariaren balorazioa

 Danel Irasuegi (1991, Zarautz), taldean “Axpe” bezala ezaguna, urte asko darama Zarautz Arraun Elkartean. Urte pare bateko geldialdi baten ondoren Enbatan dabil berriz, maila bikaina ematen. Honako balorazioa egin du Santurtziko estropadaz:

 “Estropada ederra izan da. Salida txukun baten ondoren lehen luze aparta egin degu eta Santurtzitik 2 segundura iritsi gara ziabogara. Bigarren luzean ez dugu amore eman eta ez gara konformatu, beste aurkariak atzean gelditzen ari zirela ikusi arren. Azken luzean Lekittarra gerturatzen hasi zaigu baina burua hotz mantendu dugu eta gure lanean jarraitu dugu buru-belarri. Segundu gutxi galtzeak Liga honetan puntu asko galtzea ekar lezake, maila oso altua eta parekatua baitago. Txanda eta kale ona izan dugu, egia da, baina barneko sentsazioak oso onak izan dira eta 10 puntu lortura, aurreko asteko Lekeitioko arantza kendu dugu. Hurrengo asteburuan bi estropada ditugula eta, ligan egurra ematen jarraitzeko irrikitan gaude.”

 Hurrengo asteburuan Ligako 2 estropada ospatuko dira. Ekainak 24 larunbatean arratsaldeko 16:30tan Portugaleten, eta ekainak 25 igandean eguerdiko 12:00etan Getarian. Animatu gure arraunlariak babestera.

  Aupa Zarautz!                                                                                                     

 Zarautz, 2017ko ekainaren 19a

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide