Getaria-Zarautz 5. ligan
Getaria-Zarauzko nesken Gipuzkoako Traineru Ligaren denboraldia amaitu zen larunbatean, Errenteria-Oreretako uretan. Denboraldi honetan borroka gogorra izan dute Donostiarrakeko neskekin, hasieran lehenak gailentzen ziren baina hiriburukoek liga aurrera zihoan heinean aurrea hartu zieten. Azkenean 62 puntu bilduta, 4 puntugatik irabazi die Donostiko taldeak. Errenteria-Oreretako estropadan 3 puntu galdu zituzten, 7. postuan amaitu baitzuten, Hernani eta Deustu azkarrago izan zirelako.
Larunbateko tripulazioa honakoek osatu zuten: Izaro Lestayo patroiak, Aizpea Peña, Amaia Galdos, Elena Urresti, Alaine Bereziartua, Nerea Badiola, Intza Fernandez, Jone Urbieta, Leire Lestayo, Irati Azpeitia, Nagore Arruti, Oihane Odriozola, Izar Azkue eta Jule Egigurenek osatu zuten.
Intza Fernandez arraunlariaren balorazioa
Ligaren eta aurrean duten Kontxaren balorazioa egiten du Intza Fernandez (1996, Lasarte) arraunlariak:
“Ligan gure helburua, lehen hiruei ahalik eta gehien gerturatzea eta banderaren bat lortzen saiatzea izan da. Eta nire ustez bete dugula helburu hori, liga osoan zehar Donostiarrarekin borrokan ibili eta azkenean sailkapen orokorrean gailendu zaizkigun arren.
Kontxari begira gaude, aste osoa daramagu hori prestatzen, eta lehen 5 postutan gelditzea da gure helburua, itsasoko estropetan eroso aurkitzen baikara. Halere Galiziatik beste traineru batzuk etorriko dira eta ez dakigu ze maila emateko gai diren, baina Donostiarraren aurretik gelditu eta postu on bat lortzea dira gure helburuak”.
Aurrean Kontxako sailkapen estropada
Hurrengo osteguna irailak 1, Kontxako Sailkapen estropadaren eguna da. Bai Getaria-Zarautz bai Enbata, buru belarri dabiltza froga hau prestatzen. Lehena, esan bezala, Donostiarraren aurretik amaitu eta lehen 5en artean sailkatzeko. Bigarrena, liga on bati amaiera hobea eman eta finean, sailkapenaz gozatzeko.
Aupa Zarautz!