Enbatak play-offaren mamua uxatzea lortu du liga amaierako estropada onei esker, sailkapen orokorreko 9. Postua eskuratuz. 10 eta 11. Postuetan sailkatu diren Santurtzi eta San Pedrok, ordea, beraien KAE 1 taldeko postua defendatu beharko dute play-offean, KAE 2 taldeko oilarren aurka. Enbatak liga bukaera ona burutu du eta horrek Santurtzi atzean uzteko haina puntu lortzea ekarri du. Ligako azken estropada ere, abuztuak 21ean ospatu Bilbo Hiriko XXXIX.a, positiboa izan zen Zarauztarrentzat. Hondarribia, Santurtzi, San Pedro eta Castro atzean utzi zituen, 8. Postua erdietsi eta irabazle Ondarrutik minutu erdi eskasera geldituz.
Larunbateko estropadan Aitor Urkola izan zen patroi, eta arraunlariak Edgar Tamellini eta Unai Agirre, Iñigo Areizaga eta Imanol Tubia, Gorka Imaz eta Julen Eraso, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Imanol Arregi eta Fermin Caminos, Imanol Eizagirre eta Oinatz Arretxe, eta azkenik Beñat Eizagirre proan izan ziren.
Gaizka Garmendia patroiaren balorazioa
Honako balorazioa egiten du Gaizka Garmendia patroiak
“Asteburuari begira, astean zehar lasaiago entrenatu dugu, Zarauzko ikurriñako emaitza bikainari esker play-offaren arriskua uxatu genuelako. Estropadaren aurretik zalantzetan geunden baina jendea gogotsu nabari zen, txanda irabazteko gogoz. 2 txandatan banatu gintuzten 12 ontziak, korrontearen aldea txikiagoa izateko. Irteera, ordea, ez zen ona izan eta lehen kalean segundoak galdu genituen. Egoera honi buelta eman genion, maila eta sasoi ona erakutsiz, eta Hondarribia eta Santurtzi atzean uztea lortu genuen, 8. Amaituz.
Urtea baloratuz, taldea oso gaztea izanik, lehen 3 estropadetan ez ginen fin ibili baina hortik aurrera maila ona eman dugu eta lehia bizian aritu gara sailkapen orokorrean lortu dugun postua lortzeko. 9. Postua eskuratu dugu, iazko antzeko puntuekin”.
Enbata-Zarautz eta hurrengo estropadak
Getaria- Zarauzko neskek abuztuak 20 larunbatean izan zuten estropada, Colindresen (Kantabrian). Hibaikak irabazi zuen, Orio, San Juan, Donostia eta Getaria-Zarautzi 15, 20, 30 eta 33 segundoko aldea sartuaz, besteak beste. Lehen ziabogatik gailendu zitzaizkien donostiarrak Getaria eta Zarauzko neskei, eta 3 segundo izan ziren amaieran, 5. postuan geldituz.
Nesken hurrengo estropada, abuztuak 27 larunbatean izango da, Orereta-Errenterian, eguardiko 13.00tan. Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Ligako azken estropada izango da. Printzipioz, Enbataren azken estropada Kontxako Banderarako sailakapena izango da, irailak 1 ostegunean. Bertan neskek ere parte hartuko dute, eta Kontxan sailkaotzeko gogotsu daude.
Aupa Zarautz! Zarautz, 2016ko abuztuak 22an