Enbatak asteburu paregabea burutu du

Enbatak asteburu paregabea burutu du Ondarru eta Pasaiko estropadetan, eta Santurtziri eskubete puntu aterata, lehen txandako lidergoa finkatu du eta play-offetik urrundu da. Getaria-Zarauzko neskak ere Ondarru eta Pasaian lehiatu dira eta bosgarren postuan amaitu dute, liga osoan Donostiarrekin daramaten borrokarekin jarraituz.

Enbatak asteburu paregabea

Enbatako mutilek aste bukaera paregabea osatu dute. Abuztuak 6 larunbateko estropadan XXXII. Ondarroako bandera egon zen jokoan. Bertan Enbata 7. Postuan sailkatu zen, aurkari zuzen Orio 7 segundo, Hondarribia 23 eta Santurtzi 25 segundo atzetik utziz, hurrenez hurren, Santurtziri 3 puntuko sailkapena ezarriz sailkapen orokorrean. Abuztuak 7 igandeko estropadan XXXII. Pasaiko Ikurriña zen jokoan, berriz, eta Enbata 8. Sailkatu zen. Deustu eta Santurtzi atzetik gelditu ziren, azken honi beste 2 puntuko aldea sartuz.

Sailkapen orokorrari dagokionez, 9. Postuan da Zarautz-Navascal, Santurtzirekiko 5 puntuko aldearekin. Hurrengo estropadetan erakutsitako maila eta sailkapen orokorreko postua mantentzea izango dira helburu. KAE 1 ligan, 12. taldea automatikoki jaisten da, eta 11. eta 10.ak play-offera doaz. Horregatik, 9. Postua eskuratzeak play-offetik libratzea esan nahi du.

Larunbateko estropadan Gaizka Garmendia izan zen patroi, eta arraunlariak Edgar Tamellini eta Unai Agirre, Iñigo Areizaga eta Imanol Tubia, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Gorka Imaz eta Aitor Saiz, Imanol Eizagirre eta Ibai Alkorta, Aitzol Martinez eta Oinatz Arretxe, eta azkenik Beñat Eizagirre proan izan ziren. Igandean, berriz, Aitor Urkola patroia, Julen Eraso, Fermin Caminos eta Imanol Toledo sartu ziren, eta Gaizka Garmendia patroia, Gorka Imaz, Aitor Saiz eta Aitzol Martinez atera.

Igor Gurutxarri arraunlariaren balorazioa

Honako balorazioa egiten du Igor Gurutxarri (1993, Zarautz) arraunlariak:

“Asteburua ezinhobea izan da. Ondarruko estropadarako oso mentalizatuta geunden lehen luzean estropada irabazi behar genuela eta hala egin genuen. Salida, luzea zein ziabogak apartak izan ziren, eta bigarren luzean olatuak hartza lortu genuen. Emaitza oso ona izan zen, Santurtziri puntu kopuru polita sartu baikenion. Igandean Pasaian kalearekin ez genuen zorterik izan eta 4.a tokatu zitzaigun. Tarteka zulo antzeko batean sartu eta denbora galtzen genuen, baina patroiak sekulako lana egin zuen eta ziaboga onei esker harrapatu eta aurreratu egin genituen. Deustu tartean sartu zen eta liga amaitzeko 3 estropadan faltan 5 puntuko abantailarekin jokatzen dugu. Haiek ere lehiakorrak dira eta ezin dugu erlaxatu, play-offetik libratu nahi badugu”.

Getaria-Zarautz eta hurrengo estropadak

Getaria- Zarauzko neskak, mutilak bezala, larunbatean Ondarroan lehiatu ziren eta igandean Pasaian. Oraingo honetan Pasai Donibane, Hibaika eta Oriok estropadan parte hartu zuten, aurreko astean ez bezala, eta horrek estropada markatu zuen, lehen hiru postuetan ibili baitira hauek liga osoan zehar. San Juanek irabazi zuen larunbatean eta Hibaikak igandean, eta Getaria-Zarautz 5. gelditu zen bietan, Donostiarraren atzetik. Lehia gogorra dute hiriburuko nesken aurka, 4. Eta 5. Postuaren lehian baitabiltza beti. Oraingo honetan Donostiarrak gailendu zaizkie, larunbata 4 eta igandean 5 segundogatik.

 Hurrengo mutilen estropadak, abuztuak 14 igandea Castron, eta abuztuak 15 astelehena Zarautzen ospatuko dira, etxean Amabirjin egunean. Getaria-Zarauzko neskak ere bertan lehiatuko dira, goizeko 11:00etan, eta mutilak 12:00tan.

 

Aupa Zarautz!                                                                                             Zarautz, 2016ko abuztuak 9ean

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide