Lehen txandako lidergoa urrunago du Enbatak

Enbatak estropada bana izan du iragan asteburuan, Pedreñan. Aurkari zuzen Santurtzik aste bukaera aparta egin du eta lehen txandako norgehiagokan puntu sorta lortu du. Puntu horiek berreskuratu eta lidergoa berreskuratzea izango da Enbataren epe motzeko helburua.

Asteburuan Pedreñan izan dira estropadak

 KAE 2016 ligaren baitan, XI. Marina de Cudeyo Bandera jokatu zen larunbatean, Pedreñan. Eta leku berean, igandean, Año Jubilar Lebaniego Bandera. Larunbateko estropadan Santurtzi, San Pedro eta Castrorekin lehiatu zen Enbata. Santurtzik estropada itzela egin eta 11 segundu sartu zizkion Zarauzko traineruari, lehen txandako ontzi azkarrena izanik. Enbatak 10. amaitu zuen, irabazle Ondarrutik minutu batera.

 Igandean, berriz, larunbateko emaitzen arabera antolatu ziren txandak, eta Enbata Hondarribiaren aurka lehiatu zen, Santurtzi 2. Txandara pasa ostean. Estropada txukuna egin zuten zarauztarrek, Hondarribiatik 3 segundura eta Oriotik 4ra amaituz, hori bai, 10. Postuan eta estropada bikaina errepikatu zuen Santurtziren atzetik, puntu sorta galduz. Ondarruk irabazi zuen berriz ere, baina larunbateko tartea txikiagotu zuen Enbatak, 45 segundura amaitu baitzuen.

 Tripulazioa eta Iñigo Areizagaren balorazioa

 Larunbateko estropadan Gaizka Garmendia izan zen patroi, eta arraunlariak Edgar Tamellini eta Unai Agirre, Iñigo Areizaga eta Aitzol Martinez, Julen Eraso eta Aitor Saiz, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Imanol Arregi eta Ibai Alkorta, Urki Gallarraga eta Oinatz Arretxe, eta azkenik Beñat Eizagirre proan izan ziren.

Igandean rotazio ugari egon ziren, 7 aldaketa, ontzi erdia hain justu. Aitor Urkola patroia, Imanol Toledo eta Imanol Tubia, Gorka Imaz, Imanol Eizagirre, Fermin Caminos eta Julen Emezabal sartu baitziren, eta Iñigo Areizaga, Aitzol Martinez, Aitor Saiz, Ibai Alkorta, Imanol Arregi eta Urki Galarraga atera baitziren.

 Honela baloratzen du asteburua Iñigo Areizaga (Tolosa, 1997) arraunlari zarauztarrak:

 “Asteburu honetako gure helburua, talde lehiakorra garela erakustea izan da, eta ez dugu lortu, penatuta itzuli gara. Larunbatean kaleak ez zigun lagundu, baina gure estropada egin izanaren sentsazioarekin amaitu genuen. Emaitza espero genuena baina kaskarragoa izan zen, Santurtzik aurre hartu baitzigun, eta 1. Txandako lidergoa galdu genuen.

 Igandean aldaketa egon zen txandan, txandatik Hondarribi sartu eta Santurtzi atera baitzen. Aldaketa ugari izan genituen, traineru erdia, eta postua errepikatu genuen, 10. Larunbatean baina sentsazio hobearekin amaitu genuen, gustura, baina berriz ere Santurtzik aurre hartu zigun eta Orio eta Hondarribiri gailendu zitzaionez, ba puntu mordoska eraman zituen.

Epe motzeko helburua Santurtzi harrapatu eta gailentzea da niretzat, lehen txandako lidergoa berreskuratzeko”.

 Hurrengo estropadak

 Hurrengo mutilen estropada, uztailak 30 larunbatean jokatuko dena da, Lekeitioko uretan. Uztailak 31 igandean bigarren jardunaldia ospatuko da, Lekeition berriz ere. Beti ondo lehiatu da bertan Enbata, eta emaitza polita lortzeko esperoan entrenatuko dute aste honetan, Pedreñako zapore gazi-gozoa kentzeko.

 Getaria-Zarauzko neskei dagokienez, ordea, uztailak 30 larunbatean Gipuzkoako Emakumezkoen VII Traineru Ligako 9. Jardunaldia ospatu da Zumaian eta gogo handiz hartuko dute estropada hau, etxeko baldintzen antzekoak dituen estropada eremua izaki. Bandera etxera ekartzeko irrikitan daude.

 

Aupa Zarautz!                                                          Zarautz, 2016ko uztailaren 26an

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide