Neskak txukun eta mutilak borrokan

Zarauzko traineruak 10. postua lortu du asteburuko bi estropadetan (ZAE).

Traineru ligako bigarren asteburuak emaitza berak eman dizkie zarauztarrei. Neskek 4. Postua lortu zuten larunbatean Pasai Donibanen eta igandean Getarian, eta mutilak, 10. bai larunbatean Hondarribian eta bai igandean Getarian.

Mutilak bi estropadetan 10.

Aurreko asteko emaitza hobetzeko asmoarekin uretaratu ziren arren, Hondarribiako X. Arrantzaleen kofradiako banderan eta berriz ere 10. Postuan gelditu ziren. Txandako irabazle suertatu zen Santurtzik 13 segunduko tartea sartu zieten zarauztarrei larunbatean, irabazle izan zen Ondarrutik minutu batera.

Tripulazioa honakoek osatu zuten larunbatean, popatik hasita eta hurrenez hurren, Gaizka Garmendia patroia, Edgar Tamellini eta Fermin Caminos, Iñigo Areizaga eta Imanol Tubia, Imanol Eizagirre eta Unai Agirre, Xabier Ormazabal eta Igor Gurutxarri, Gorka Imaz eta Aitor Saiz, Julen Emezabal eta Oinatz Arretxe, eta azkenik Beñat Eizagirre proan.

Igandeko Getariako VII. estropadan 10. Izan ziren berriz, baina emaitza hobetu eta Santurtzirengandik segundu bakarrera, eta Ondarroa garailetik 40 segundu baina gutxiagora. Tripulazioari dagokionez, Ibai Alkorta eta Aitzol Martinez sartu ziren, eta Imanol Tubia eta Julen Emezabal atera.

Hona hemen Beñat Eizagirre proel zarauztarraren asteburuko laburpena: “Larunbateko estropada gogorra ezin zitzaigun, itsasoa oso mugitua zegoen eta. Irteera kaxkarra egin eta arraunkera hartu ezinik ibili ginen, lehen luzean ura sartu zitzaigun eta nahi baina denbora gehiago galdu genuen. Igandean bezperakoa hobetzeko gogoz irten ginen eta baita egin ere. Hasieratik arraunkera txukuna hartu eta Santurtzi aurkari zuzenari heldu genion. Ziabogan espaliarekin huts egin eta estropada puskatzea lortu ez genuen arren, gustura amaitu genuen estropada”.


Neskak 4. Pasai Donibanen eta Getarian

Getaria-Zarauzko trainerua Izaro Lestayo patroiak, Saray Caamaño, Aizpea Peña, Amaia Galdos, Nerea Badiola, Oihana Odriozola, Nagore Arruti, Alaine Bereziartua, Elena Urresti, Intza Fernandez, Jone Urbieta, Jule Egiguren, Irati Azpeitia eta Ainhoa Iruretagoienak osatu zuten.

Gipuzkoako Emakumezkoen VII Traineru Ligako 2. Jardunaldia Pasai Donibanen ospatu zen. Hibaikako neskek irabazi zuten, San Juan eta Oriok gertutik jarraituta, eta Getaria-Zarauzko neskak 34 segundura. Igandeko 3. Jardunaldia Getarian ospatu zen eta berriz ere Hibaika gailendu, Orio eta San Juanek jarraituta. Getaria-Zarautzek estropada txukuna egin eta irabazlearengandik 23 segundura amaitu zuen.

Hurrengo nesken estropada Gipuzkoako ligako 4. Jardunaldia izango da, uztailak 2 larunbata Deustuko uretan. Mutilena baita ere Bizkaian ospatuko da, uztailak 3 igandea Santurtzin.

Aupa Zarautz!

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide