Lege Zaharren Enparantza aparkaleku bihurtuta

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Lege Zaharren Enparantza, 1972 aldera; bertan, auto eta autobus ugari ikus daitezke aparkatuta. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen moduan, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean. Oraingoan, 70eko hamarkada hasierako Lege Zaharren Enparantzako irudi kurioso batekin.

Lege Zaharren Enparantza oinezkoak lasai asko ibil daitezken espazio zabala izateaz gain, herriko ekitaldi eta festa askoren bilgune ere bada. Hala ere, hori ez da beti horrela izan. Historian zehar bilakaera handia izan du udaletxe aurreko plazak, eta askotariko izaera izan du; esaterako, 40eko hamarkadako argazki zaharretan zuhaitzak zeudela ikus daiteke. Baina kuriosoa egiten da Zarauzko Argazki Artxiboan topatu daiteken 1972 inguruko ondorengo irudia.

Oso bestelako Lege Zaharren Enparantza bat ikus daiteke bertan: auto eta autobus aparkaleku bihurtutako eremua da. Hori gutxi balitz, Forue kalea eta Zigordia kalea lotzen dituen errepide zati baten zeharkatzen du plazaren erdigunea. Gaur egun, pentsaezina litzateke halakorik. Urte batzuk badira Alde Zaharra oinezkoentzat egokitutako eremua dela, eta baimendutako ibilgailu batzuek bakarrik dutela sarbidea bertara. Bestalde, 90eko hamarkadaren erdialdean egindako obren ondoren, Lege Zaharren Enparantzaren azpian ordainpeko aparlekuak daude.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide