Badirudi Zarauzko Alde Zaharrak aldaketa gutxi izan duela hamarkadetan zehar, eta, egia esan, etxebizitza multzoen egiturak eta antolaketak nahiko antzekoa izaten jarraitzen du. Kale Nagusiari erreparatuz gero, ehun urte atzera eginez gero, berdin-berdin jarraitzen duela ematen du. Baina badira, jakina, denboraren iragatearen zantzu nabarmenak.
1925 inguruko argazki bertikal honek jada desagertuta dagoen ezkerretako etxeari egiten dio erreferentzia; gaur egun, Roteta arropa denda dagoen eraikina dago bertan. Artxibategi batzuetan Miranda etxea dela jartzen badu ere, erregistro hori ez da zuzena. Kontua da Enrique Mirandaren alargunak eta Bernabe Mirandak Zarauzko eta Getariako herri pasaiaren argazki-postal ugari merkaturatu zituztela XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Hasieran batean, bakoitzak bere izenez sinatzen zituen aipatu postalak, baina ondoren Casa Mirada enpresa bezala. Eta hortik okerra. Kale Nagusiko argazkiaren azpialdean Miranda etxea jartzen duenez, desagertutako etxearen izena Miranda dela uste izatea.
Gainerakoan, deigarria egiten da garaiko auto beltz dotorea, argindarraren kable-sarea, egungo Jai Txiki tabernako fatxadan ageri den izotza salgai dagoela dioen kartela edo turisten jantzi zuriak. Bitxia, bestalde, Zabalegi taberna dagoela eskuinaldean; Zabalegik oraindik zabalik jarraitzen du, baina barruko arropa, lizeria eta lo egiteko jantzien denda bezala.