Antzinatik datorren karrozen desfilea

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Karrozen desfilea, 1956ko Euskal Jai egunean. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean. 1956ko Euskal Jai eguneko karrozen desfileko irudia da honakoa.

Euskal Jai eguna tradizioari eta ohiturei estu-estu lotuta dagoen egun bat da, eta, denborak aurrera egin ahala, zenbait gauza aldatu diren arren, badira lehenengo egunean bezala jarraitzen duten beste hainbat ere. Horietako bat da Euskal Jai eguneko karrozen desfilea, adibidez.

Antzinatik egiten den ekitaldia da, eta gaur egun parte hartzen duten herritarren kopurua nabarmen jaitsi bada ere, oraindik ere bizirik dirauen ohitura bat da. Irudian 1956. urtean aurkeztutako bi karroza ikus daitezke, Santa Barbara ermitaren aurrealdean, hura pentsatu eta sortu zuten herritarrez inguratuta.

Garai hartan karrozak gai baten bueltan sortzen zituzten, eta ez zen erakusketa hutsa izaten, eta erakusten zuten hura interpretatu ere egiten baitzuten; alegia, karroza bizidunak ziren. Kalez kale ibiltzen ziren, pertsona orori sorkuntzarekin argazkia ateratzeko aukera emanaz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide