Uda sasoiak festaz betetzen du Zarautz, jai giro ederraz blaitzen du malekoia bi-hiru hilabetez, eta herritar zein bisitari ugari erakartzen ditu horrek. Dena den, horrez gain bada garai honetan jendea biltzen duen beste zerbait. Ez da festa, baina harekin lotura zuzena du: arrauna, kirol bat izateaz harago, festa erraldoi bat baita.
Talde kirol honek jarraitzaile ugari ditu gaur egun, bai Zarautzen eta baita inguruko txokoetan ere. Herrian arraun elkarterik ez dutenek ere itsasoan kolore baten edo bestearen alde egiten dute. Estropada bakoitzean, nork bere ontzia animatzen du, oihu horiek trainerua azkarrago joatea egingo balute bezala.
Ordea, lehiakortasun hori desagertu egiten da lehorrean, eta irudia bestelakoa izan ohi da: talde urdina, gorria, horia ala marroia animatu, lagunarteko giroa nagusitu ohi da estropadetako ikusleen artean. Festa erraldoia sortzen da, alegia. Aspalditik datorren kontu bat da hau, eta horrela ikus daiteke artikulu honetako argazkian. Jarraitzaile ugari daude Zarauzko portuan, bakoitza bere ontzia babesten, baina guztiak bat eginda.
Aurten, abuztuaren 22an eta 23an jokatuko dituzte Zarauzko Arraun Elkartearen Bandera estropadak. KAE1, ETE, Eusko Label eta Euskotren ligetako banderak izango dira jokoan.