Kukaña bat moilako tranpolinaren puntan?

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko ekainaren 7a

Zarauzko moilako tranpolinetik herritar bat jauzi egiten uretara.(Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean, eta moilako irudi bitxi bat aurkeztu du oraingoan.

Hondartzako denboraldia aste honetan hasi da, eta horrekin batera, laster hasiko da Zarauzko moila ere bainulariz betetzen. Azken urtetan jendetza biltzen du uda sasoian herriko portu txikiak, eta Zarautz Arraun Elkarteak kukaña eta jolasak antolatzen dituen egunetan are gehiago. Jauziak eta txiribueltak egiteko eszenatokia, lagunekin arratsalde pasa egiteko lekua, arrantzarako gune aparta... Moilak betidanik izan du bere xarma.

Ondorengo argazkia duela 70 urtekoa da, 1956koa, Kutxa Fototekaren gordailukoa. Gizonezko bat ikus daiteke tranpolinetik buruz ausart jauzi egiten uretara, moila jendez lepo hari begira dagoela. Lehen begiratuan badirudi tranpolinaren puntan kukaña dagoela jarrita. Beraz, atera kontuak garai batean non egiten zituzten udako jolasak zarauztarrek, eta zer-nolako arriskuak hartzen zituzten. Ez da harritzekoa horrenbesteko ikusmina sortzea.

Baina arreta gehiagorekin aztertu geroz, eta erabiltzaile batek hala adierazi digun bezala, tranpolin gainekoa kukaina beharrean egurrezko ohol bat da,  palanka egiteko funtzionatuko lukeena. Izan ere, hainbat arrazoi daude horretarako: kukaña izateko finegia da; jauzilaria tranpolinetik oso urruti dago, egurrezko palanka erabili duen seinale; eta tranpolinaren gainean beste egur zati bat dago ohola goraka altxa dadin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide