Euskal Itzuliko tropela kostako errepidean, duela mende batetik

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko maiatzaren 3a

Euskal Herriko Itzuliko argazki zaharra.(Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean, eta Euskal Itzuliko irudi bat aurkeztu du oraingoan.

Maiatzaren 15etik 17ra jokatuko da emakumeen Euskal Herriko Itzulia, eta  eta lehenengo etapa Zarautzen hasi eta amaituko da. Zarautz askotan izan da Itzuliaren parte, modu batera zein bestera, eta tropela ia urtero igarotzen da herriko errepideetatik.

Gainera, aspaldiko kontua dela esan daiteke, Itzuliaren hasierako urteetakoa. Zarauzko Argazki Artxiboan ondorengo argazkia topatu du Zarauzko Gukak; izatez, Eusebio Bastidak dohaintzan emandako irudia da honakoa. Erregistratu gabe dago zein urtetakoa den, baina agerikoa da zaharra dela, duela ehun bat urtekoa. Kontuan izan behar da lehen edizioa 1924an korritu zela, eta lehen aldi hura 1930ra arte antolatu zutela; ondoren, 1935ean jokatu zuten berriz, eta 1969ra arte ez zuten berreskuratu.

Argazkiaren kontzerbasioa halamoduz dago; hondatu samar dago, zulotxoekin eta tolestura nabarmenekin. Hala ere, badu bere xarma. Getariara iritsi aurreko tunela pasata, tropela irekitzen doan motoa eta atzetik txirrindulari multzoa; kuriosoa egiten da tunela zeharkatzen ari den txirrindulari bat ageri dela, multzotik aparte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide