Zezen plaza Aritzbatalde kiroldegiaren ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko martxoaren 1a

Zezen plaza ibiltaria Aritzbatalde kiroldegiaren ondoan, 1984an. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Martxoko lehen igandearekin batera, Zaharrak Berri atalerako argazki berria dakar Zarautz Gukak. 1984ko irudia da aukeratutakoa, eta bertan zezen plaza ibiltari bat ikus daiteke, Aritzbatalde kiroldegiaren ondoan kokatua.

Zaharrak Berri atala eguneratzeko 42 urte atzera egin du Zarautz Gukak. Martxoko lehen igandean, 1984ko argazki bat da protagonista; gaur egungoaren antzik ez badu ere, Aritzbatalde kiroldegiaren ondoko orubea da ikus daitekeena, eta zezen plaza ibiltari bat dago bertan.

Instalazio hura bi urtez jarraian jarri zuten Zarautzen, eta zezenaren bueltako hainbat ikuskizun eskaini zituzten bertan herritarrentzat; esaterako, hain ezaguna zenTorero bombero emanaldia.

Arreta handirik jarri beharrik ez dago auzoaren bilakaera handia izan dela jabetzeko. Izan ere, irudiaren atzealdean ikus daitezkeen baratzeetan makina bat etxe daude egun, Herrikosoro eta Krabelinsoro kaleetakoak, kasurako. Ziaboga eta Andatza tabernak, haurren parkea, eta hura inguratzen duten etxeak ere eraikitzeke zeuden oraindik argazkia atera zutenean. Kontrara, irudiaren erdian errepara daitekeen baserria ez dago jada.

Zezen ikuskizunak egiteko ez ezik, San Joan sua ere zelaigune horretan egiten zen urte haietan, baita beste hainbat herri ikuskizun ere. Zirkoa etortzen zenenean ere bertan jartzen zuten.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide