Villa Manuelan ursulinek irakasten zutenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko urtarrilaren 4a

Saint-Severreko Ursulinen ikastetxea, 1905ean. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Hileko lehen igandearekin batera, Zarautz Gukak Zaharrak Berri atala eguneratu du, eta XX. mende hasierako Villa Manuelaren eraikin multzoaren irudia dakar.

Villa Manuela eraikinean Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoa dago gaur egun, baina eraiki zutenetik gaurdaino erabilera ugari izan ditu. XIX. mendearen lehen herenean eraiki zuten Bernardino Birmingham Etxagueren eskariz; abokatua eta erregidorea izan zen hura, baita Gipuzkoako gobernadorea ere. XX. mendearen hasieran, Saint-Severreko Ursulinen ikastetxea izan zen, eta, gerora, mutilentzako La Salle ikastetxea jarri zuten bertan.

Hilabete honetako argazkia postal zahar bat da, 1905. urte ingurukoa da, eta garaiko eraikin multzoaren konposizioa zein zen ikus daiteke; eraikin nagusia eta bi etxetxo, oraindik frontoirik gabe. 1904tik 1924ra egon ziren ursulinak Villa Manuelan, eta salletarrak, berriz, 1929tik 1967ra.

Ondoren, Udal Euskaltegia izan zen, eta bere instalazioak Zarauzko hainbat gizarte erakundek eta kultur taldek erabili zituzten. Manuela gaztetxea ere bertan egon zen, 1999tik 2001ra.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide