Euskal Jaia heltzeko bi egun eskas falta diren honetan, Zarautz Gukak festa horretako antzinako argazkiei erreparatu die hileroko Zaharrak Berri atala osatzeko.
1978. urteko Euskal Jai egunekoa da hautatutako artxiboko argazkia. Zarauzko Nafarroa kalean barrena doaz zenbait aktore, Munoara bidean, antzinako arropak soinean dituztela. Zarauztar ugariren ikusmina piztu du desfileak, eta errepidearen ertzean jarri dira, baserritar jantzita. Horietako batzuk lehen lerroan daude, eta desfilea leku pribilegiatu batetik ikus dezakete. Beste batzuk, ordea, atzerago daude, eta nekez ikus ditzakete kapa beltz luzea eta kapela daramatzaten gizonezkoak.
Munoa plaza dute jomugan protagonistek. Ezkontza zaharra izeneko antzezlana egingo dute bertan, jakin gabe beraiek izango direla Euskal Jaietako hitzordu garrantzitsuenetako bat bilakatu denaren aitzindari. Izan ere, urtero-urtero Alproja antzerki taldeak egiten duen antzezlanetako lehena izan zen 1978koa.
Ordutik, hamaika emanaldi eskaini ditu Alprojak Munoa plazan, urteak joan eta urteak etorri. Plaza bete jende egoten da aldi bakoitzean, eta antzezlana ikusteko irrikaz egoten dira zarauztarrak zein bisitariak. Gainera, oholtza gainean jorratutako istorioa ez ezik, harrigarriak izan ohi dira aktoreen jantziak eta makillajea. Aurten, Dena erosterik ez antzezlana taularatuko dute, 12:00etan.
