Duela 75 urteko Zarauzko estropadako zaleak

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025eko abuztuaren 3a

1950eko Zarauzko estropaden argazkia. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean. Amabirjin jaietan jokatzen diren estropaden eta garaiko egoeraren atzera begirakoa oraingo irudiak.

Abuztuaren 16an eta 17an jokatuko dira aurten Zarauzko estropadak; kategoria guztietan, gainera: ETE ligan, KAE1 mailan eta Eusko Label eta Euskotren ligan, azken biak bi jardunaldietara. Urtero bezala, hango eta hemengo arraunzaleak elkartuko dira moilatik aurrera, itsas pasealekuan, bigarren tunelera bitarte, traineru probak jarraitzeko.

Usadioa ez da atzo goizekoa, ezta hurrik eman ere. Kontxako estropadaren ondotik, Zarauzkoa baita denboraldiko probarik garrantzitsuena eta historikoena. Amarbirjin jaietan jokatu izan da, eta betidanik sortu izan du interesa. Argazki honetan, 1950eko estropadak ikus daitezke, lehenengo tuneletik itsasorantz hartuta. 75 urte geroago gauzak nola aldatu diren islatzen duen erakusten du irudiak.

Itsas pasealekurik ez dago, eta horren ordez, harresi bat dago olatuen talken babes gisa; errepidea seinalizatu gabe, tunela nondik pasa behar den adierazten duen kartela salbu; epaileentzat edo agintarientzat izango litzatekeen palkoa Allepunta inguruan; bozgoragailu potoloak;  gutxiren eskura zeuden garaiko bi auto, eta horietako baten gainean pertsona bat filmatzen...

Ordutik hona aldatu ez den gauza bakarra arraunarekiko pasioa da, horretan ez dago zalantzarik. Nahiz eta argazki zahar horretan ez dirudien kolore festarik zegoenik zaleen artean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide