Euskal letren erresistentzia

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Herrikobarrako Itxaropenaren tailerra. (Utzitakoa)

Zarautz Gukak hilero egiten duen legez, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean. Herrikobarran zegoen Itxaropena inprimategiaren inguruan hitz egiten du hilabete honetako artikuluak.

Itxaropena inprimategiak apirilaren hasieran itxi zituen ateak, merkatuak hala behartuta eta "modu mingarrian", 93 urteko ibilbide oparo bezain aberatsa egin ondoren. Euskal kulturaren parte eta historia izan da, eta, batik bat, euskal literaturaren erresistentzia frankismo garaian. Lan eskerga horren atzean, Pello Unzurrunzagaren figura dago, eragile aktiboa izan zena; editore eta inprimatzaile izateaz gain, euskaltzale ekintzailea ere bai. Zentzu horretan, ezin ahaztu eta aipamenik egin gabe utzi euskarazko lehen literatur bilduma; Kuliska sorta, hain zuzen ere.

Bildumako lehen liburua 1952an argitaratu zuten, Jon Stefan Svenssonen Noni eta mani lanaren itzulpena izan zen; eta sortako azkena 1973an kaleratu zuten, Antonio Maria Labaienen Teatrogintza eta jakintza lana. Hogei urte pasatxoan 55 liburuz osatutako bilduma ederra osatu zuten, bi ildo nagusirekin: gerraurreko egileen lanak argitaratzea eta belaunaldi berriko idazleei bide ematea. Kuliska Sorta-n topatu daitezke, adibidez, Txomin Agirreren Kresala, Salbatore Mitxelenaren Elezaharrak eta Arraun ta amets, Julene Azpeitiaren Amandriaren altzoan, Juan Antonio Mogelen Peru Abarka, Jon Etxaideren Joanak joan, Xabier Lizardiren Bihotz begietan eta Gabriel Arestiren Harri eta herri. Horiez gain Pio Barojaren Itxasoa laño dago, Ernest Hemingwayren Agurea ta itxasoa, Hugo Wasten Bide izkutua edo Camilo Jose Celaren Paskual Duarteren sendia lanen euskarazko itzulpenak ere jaso zituzten.

Pello Unzurrunzaga gazterik hasi zen inprimategi munduan lanean, 36ko gerra lehertu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irakorlan. Soldaduskara joan eta handik itzultzean, ordea, ez zioten kontratua berritu, eta Zarauzko Zelaia eta Lagunak argitaletxe-inprimategian hasi zen makinista gisa. Enpresa hura itxi egin zuten gerra aurretik, eta bertan aritutako hiru langilek hartu zuten lekukoa, 1932an, Itxaropena argitaldaria sortuz; Victor Pradera kalean zegoen lantegia, egungo Herrikobarran. Unzurrunzagarekin batera, Emilio Alkorta eta Bonifazio Illarramendi ziren bazkideak. Gerra ondoren, ordea, aipatu bi bazkideek enpresa utzi zuten, eta Unzurrunzagak hartu zuen gidaritza osoa.

Erregimen frankistak errepresio gogorra ekarri zuen euskal kutsua zuen ororen aurka, eta horrek sasoi erabat ilunak ekarri zituen Euskal Herriko kulturgintzara, erbesteratzeekin eta zentsura instituzionalarekin batera. Zentzu horretan, Itxaropenak erresistentzia lana egin zuen, hainbat liburu modu klandestinoan eginez, ezkutuan eta gauez. Hori guztia gutxi balitz bezala, Euskal Herrian geratzea erabaki zuten idazleen bilgune ere bihurtu zen inprimategia: Jon Etxaide, Luis Jauregi Jaurtakol, Nemesio Etxaniz, Federico Krutwig, Salbatore Mitxelena eta Inazio Eizmendi Basarri-rena, besteak beste.

Euskaraz argitaratzea pentsaezina zen sasoi hartan. Kontuan izan behar da garai oso zailak izan zirela, falangistek inprimategiak konfiskatu zituztelako, edo inprimategiak behartzen zituztela haien ideologiaren eta erregimenaren aldeko propaganda egitera; Falangearen Vertice aldizkaria inprimatzera behartu zuten aldi batez Itxaropena. Unzurrunzagak, baina, ez zuen itxaropenik galdu, eta gertuen zeukan bidea erabili zuen alimaleko aurrerapausoa lortzeko.

Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari Pedro Rocamorak Zarautzen igarotzen zituen udak, eta 1947ko Euskal Jai Egunean, Unzurrunzagak harengana jo zuen, Jose Artetxe lagunarekin batera. Lan erlijioso eta folkloriko batzuk euskaraz argitaratu nahi zituela komentatu zioten, eta horretarako lizentzia eskatu. Rocamorak eskaera onartu zuen, eta horrela argitaratu zituzten Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, euskal poema (1949), Gregorio Mujikaren Pernando amezketarra (1949) eta Orixeren Euskaldunak (1950).

Dudarik gabe, liburu horiek ireki zizkioten ateak Itxaropenaren euskarazko edizioari, eta haren atzetik etorri zen arestian aipatutako bilduma entzutetsuari. Frankismoaren azken urteetan, argitaletxeak zabaltzen hasi ziren –Lur eta Etor, aurrena, eta Elkar eta Erein, ondoren–, eta horiek martxan jarri zituztela ikusita, Itxaropenak edizio lana albo batera utzi zuen, soilik inprimategia izatera pasatuz. Horretan jardun du azken mende erdian, besteak beste, euskal argitaletxeentzat lanean. Araba kaleko inprimategiko makinek, ordea, artikulazioa galdu dute. Zentsurak lortu ez zuena euskarazko liburuen salmenta eskasak, paperaren garestitzeak eta kontsumo ohituren aldaketak ahalbidetu dute. Bada zertaz hausnartua...

Bien bitartean, hizki larriz idatzita geratuko da betiko Itxaropena euskal kultura eta literatura biziberritzeko aktante ezinbestekoa izan zela gerraostean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide