Geroz eta gertuago dago uda, eta garai horretan, asko eta asko dira etxetik irten eta bestelako ekintzak egiten dituzten herritarrak: hondartzan eguzkia hartu, mendi buelta bat egin, Getaria aldera bizikletaz nahiz oinez joan, moilako jolasez gozatu...
Hilabete honetako Zaharrak Berri atalerako aukeratutako argazkian aurretik aipatutako ekintzak egiteko leku guztiak azaltzen dira. Izan ere, Mutxio eremua -argazkian monte Carolina bezala zehaztua-, hondartzako zati bat, kostako errepidearen hasiera eta portua ikusten dira.
Zarauzko Udal Argazki Artxiboan aurkitutako argazkiko eremuaren itxura bestelakoa da gaur egungoarekin alderatuz gero, duela 120 urtekoa delako, 1905. urtekoa, gutxi gora behera. Etxe bat ikus daiteke bertan, gaur egun Cachi Bachi elkarte gastronomikoa eta Aiten-Etxe dauden lekuan. Errepide ondoko hesi eta bestelako elementuak ere falta dira, eta errepidea bera ere estuagoa da.
Argazkia gordeta badago ere, anonimoa da bere egilea, nahiz eta Francisco Urkia artxiboan bilduta egon den. Zehazki, postal zahar batekoa da irudia.