Inauteriak oso festa jostariak dira. Mozorrotu, pertsonaiaren azalean sartu, ezkutatuan mantendu identitate, nor den nor asmatu eta, nola ez, jai giroaz gozatu. Aspaldiko ohitura da mozorrotzearena, baina noiz hasi ziren festa hau ospatzen Zarautzen?
Zarauzko Udal Argazki Artxiboan arakatzen hasiz gero, Lehendabiziko karnabalak izenburua daraman argazki bat topatu daiteke. Irudia oso zaharra dela bistakoa da, baina ez du data erregistrorik. Beraz, zaila da esaten zehatz noizkoa den, nahiz eta XX. mendearen hasierakoa behar duen.
Duela gutxi zendu den Xanti Iruretagoiena argazkilariaren bildumakoa da, eta lau emakume ageri dira. Lehen behatuan, eserita daudenak emakume baserritarrez daude jantzita: ezkerrekoak, oiloak edo arrautzak garraiatzeko moduko otar handi bat darama, eta eskuinekoak, berriz, esne marmitatxo bat eta edalontzi bat. Zutik dauden atzeko biak gizonezko artzaiz daude mozorrotuta, makila eta guzti.
Estudioko argazkia da honakoa, eta, zorionez, bertan ageri diren kideen izenak jasota daude artxiboan: Maria Etxabe, Pilar Illarramendi, Benigna Aizpurua eta Maria Arruti.