Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Euskal tradizioa surfaren nobedadearekin bat

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko ira. 1a, 09:00

1990ko surf txapelketako finalean neska bat baserritarrez jantzita (Zarauzko Udal Argazki Artxiboa).

Zarautz Gukak hilero egiten duen bezala,, Zaharrak Berri atala eguneratu du hilabeteko lehenengo igandean. Iraileko argitalpenerako lehenengo munduko surf txapelketek eta Euskal Jaiek izan zuten lotura ekarri du gogora.

Surfa horren profesionalizatuta ez zegoen garaian, Pukas munduko txapelketak antolatzen hasi zen Desertu Txiki parean. Aurreko mendeko 80ko amaiera eta 90eko hasiera hartan dena zen berria, autentikoagoa eta askeagoa. Surflari estatubatuar, hawaiiar, australiar eta brasildar haien olatu gaineko erakustaldiak mugarri izan ziren herriko zaletasuna garatzeko orduan.

Txapelketak ez zuen herritarrengan bakarrik eragin, baita parte hartu zuten surflariengan ere. Tom Carroll zur eta lur geratu zen Iñaki Perurena harriak altxatzen ikusi zuenean, Derek Ho eta Martin Potter txundituta geratu ziren sari banaketan dantzari batek agurra egin zienean... Nabarmendu behar da hasierako txapelketa haiek iraileko lehen asteetan jokatzen zirela, eta beti irailaren 9arekin bat egiten zuela, Euskal Jaiekin.

Gauzak horrela, garaiko nazioarteko surflari nabarmenenak ohitzen joan ziren zarauztarrak euskal jantziekin hondartzan ikustera. Aukeratutako argazkia Jabier Carballo zumaiarrak ateratakoa da 1990ean: neska bat ikus daiteke baserritarrez jantzita itsasertzean, atzealdean jendetza ikusten dela; guztiak itsasora begira. Urte hartan, Euskal Jai egunez jokatu zen finala, eta ez zen bakarra izan euskal giroa hondartzara eraman zuena.

Ohiturarekin bat eginik, surflariek ere txapelak jantzita –Damien Hardman, Barton Lynch eta Dave Macaulay austrailarrak– edo zapiak lepoan parrandara gehitzen hasi ziren, eta esperientzia ahaztezinak pasatu zituzten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide