Euskal Herrian apusturako ohitura handia egon da tradizioz, nahiz eta orain gutxiago egiten dituzten. Zarautzen egindakoen artean, bada bat izan zuen zorigaiztoko amaieragatik sona handia izan zuena. Jacinto Etxenagusia korrikalari zarauztarrak eta Leon De Nys belgikarrak jokatu zuten eta 1922ko maiatzaren 21ean jokatu zuten. Bada, 102 urte betetzear den honetan Zarauzko Hitzako Zaharrak Berri atalak gertatutakoa gogora ekarri nahi izan du.
Aurrez jokatutako beste apustu batean Vicente Erro nafarra menderatu zuen Etxenagusiak bota zion erronka belgikarrari: Zarauztik Aiara arteko 13 kilometroko bidea nork azkarrago osatu. Zarauztarrak, gainera, hiru minutu eta 45 segundoko abantaila izango zuen. De Nysek onartu egin zuen, noski, baita irabazi ere. 54 minutu eta bost segundoan helmugaratu zen belgikarra. Etxenagusiak, aldiz, ez zuen erronka amaitu, arekara erori baitzen zorabiatuta, apustu eguneko goiz hartan egin zuen bero itogarriaren ondorioz. Handik bi egunera hil egin zen zarauztarra.