Urte gutxiren buruan asko aldatu den herria da Zarautz eta hala egiten jarraituko du, izan ere, eraikinak berritzen eta gehiago egiten jarraitzen dute. Ondorioz, zaila da irudikatzea nolakoa izango den herria etorkizunean. Zaharrak Berri atalak, ordea, kontrakoa egiteko joera du, begirada atzera bota eta aspaldiko argazki zahar bat ekartzen du hileko lehenengo igandean. Hala egin du oraingoan ere.
Herriak izan duen eraldaketa erakutsi nahian, egungo Jautarkol kaleko zeharbidearekin bidegurutzetik aterata dagoen Gipuzkoa kalearen duela 50 urteko irudi bat ekarri du, eta, egiari zor, agerikoa da aldaketa. Azken finean, zarauztarrek nekez irudikatuko lukete gaur egun Gipuzkoa kalea industrializatuta, espaloirik gabe, trenbide azpiko pasabidea gabe eta autoa aparkatzeko nahi adina tokirekin. Bada, horixe erakusten du irudiak: ezkerrean, 1989 aldera eraitsi zuten Alfaren industria-eraikin zaharra eta hiru ibilgailu bazterrean utzita eta gehiago uzteko sobera toki dagoela; eskuinean, berriz, gaur egun Sanz Enea urbanizazioa atzealdea bertako etxebizitzen blokeak eraikitzen ari zirenean.