Indar handia duen kirola da eskubaloia herrian. Horren erakusle argiena da urte hasieran Katalunian jokatu zuten erkidegoen arteko Espainiako Eskubaloi Txapelketan Zarautz Kirol Elkarteko harrobiko taldeetan aritzen diren 21 jokalarik hartu zutela parte. Baita bi talde nagusietako entrenatzaileek ere hautatzaile modura.
Eskubaloiak Zarautzen bere lekua egin zuenetik plaza asko izan ditu. Gaur egun, Aritzbatalde kiroldegian du nagusia, baina Antonianok eta Lizardiko kirol aretoak ere hartu ditu makina bat partida. Horien aurretik, ordea, bazuen beste bat estali gabekoa, gainera; izan ere, herriko lehenengo eskubaloi jokalariek Munoa plazan ematen zizkioten boteak baloiari eta bertan egiten zituzten jaurtiketak golak sartzeko. Ordukoa da gaurko argazki zaharra, hain justu ere. Zarauzko eskubaloiak 40 urte bete zituenean, 2005ean, argitaratu zuten liburuan jasotako argazkia da honakoa. 1960ko hamarkadakoa, zehatzago esateko.