Argazki zaharren atala estreinatu du Zarauzko Hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2023ko urr. 1a, 09:00

1977an hondartzan jokatutako futbol partida bateko irudia. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Urria iristearekin batera, Zaharrak Berri izeneko atala jarri du martxan hedabide honek, eta hala, hilero Zarauzko argazki zahar bana argitaratuko du. Gainera, Zarauzko Hitzak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki esanguratsu horiek atal honetan partekatzera.

Atzean gelditu da beste uda bat, eta ikasturte berria hastearekin batera eta udazkena iristearekin batera, atal berria estreinatzera dator Zarauzkohitza.eus ataria: Zaharrak Berri argazki zaharren atala.

Hilero, hileko lehen igandean, iraganari begira jarri, eta Zarauzko aspaldiko argazki bat aukeratu eta partekatuko du atari honetako erabiltzaileekin.

Urriaren lehena da gaur, eta gaur bertan ekingo diote Hondartzako 79. Futbol Txapelketari. Horregatik, atala estreinatzeko aspaldiko hondartzako futbol partida bateko argazkia eskuratu du Zarauzko Hitzak. 1977koa da, duela 46 urtekoa, eta atzean malekoia ikus daiteke. Gaur egungo malekoiarekin alderatuta, makina bat euri egin du ordutik, ezta?

Argazkiaren jatorria: Zarauzko Argazki Artxiboa.

Zarauzko Hitzak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zarautz@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Araba kalea, 27. zenbakia–.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide