Egia ez izan arren, badirudi gizon handien izenek egiten dutela historia; emakumeak baztertzeko joera izan du Historiak. San Ignazio eta San Frantzisko Xabierkoa, Elkano eta Okendo, Unamuno eta Baroja, Blas Lezokoa eta Agirreko Lope... Egunean-egunean beren eginkizunekin bizitza osatzen joandako (baina izen handirik gabeko) hainbat emakume eta gizonezko aparte utzi ditu Historiak.
Horrela dira kontuak, izen handiek dute ospea eta aparra Historiaren eremuan... Eta gaur egungo gizarte honetan izena izateko aukerarik handiena dutenak kirolariak, tertuliakideak eta sareetan ibili ohi diren iritzi emaile eta politikariak dira, edota sekula egin behar ez zuten zerbait egin duten zenbait majadero...
Berdin dio, ez zaizkit interesatzen. Horien ordez, nire arreta pizten dutenak izen ia ezezagunak dira, askotan zerbaitengatik euskal kutsua dutenak –izenean edo izanean– eta ezustean agertzen direnak han edo hemen.
Esate baterako, arreta piztu dit Lazcano deiturako Antonio Eusebio Lazcano Araujo biologoak. 1950. urtean Mexikoko Tijuanan jaiotako zientifiko izenduna (ospetsua) da Lazcano, biologo ebolutiboa eta bizitzaren sorrera ikertzen trebatutakoa. Aspaldi argitaratu zuen El origen de la vida: evolución química y evolución biológica liburu arrakastatsua; miloi erdi liburutik gora saldu omen ditu. Bizitzaren sorrera nola izan zen ikertzea gai interesgarria deritzot, Historian izena izateko baloi baten atzetik ibiltzea baino gehiago...
Batzuetan, gutxiena uste dugunean etortzen zaigu izen bat muturraren aurrera. Demandako mendizerran galduta dagoen Barbadillo de Herreros herrian ikus daiteke honekin doan argazkiko oroigarria. Ez da aspaldi jarria; harrian bertan zizelkatua dagoenaren arabera, aurtengoa da. Baina nor zen harrian izena idaztea merezi izan duen Francisco de Grandmontagne delako hori? Zer egiten zuten donostiarrek Burgosko herri galdu hartan halako hilarri antzeko hori eraikitzen?
Ezjakintasunak ez du justifikatzen ezer, eta horrelakoetan onena ikertzea izaten da, arrastoak aurkitzen aritzea eta ezezaguna zaigun horren ezagutza egitea.
Francisco Grandmontagne Otaegui Barbadillo de Hererrosen jaio zen 1866an. Benita Otaegi zegamarra zuen ama, eta herriko errementari Javier aita, Nafarroa Beherekoa edo Oloroekoa. Frantziskok 3 urte besterik ez zituela hil zitzaion ama. Aita berriz ezkondu zen, eta mutikoak 12 bat urte zituenean, Hondarribira eraman zuten, amaren anaia Klaudio Otaegirengana.
Magisteritza ikasketak egin, eta Hondarribian zegoen maisu Klaudio Otaegi zegamarra, eta eragin handia izan zuen gure Frantziskorengan. Otaegi idazlea, musikagilea eta filologoa zen, Luis Luziano Bonaparteren adiskide eta kolaboratzailea.
21 urterekin Argentinara joan zen Grandmontagne eta hainbat langintzatan aritu behar izan zuen: morroi, artzain, segalari, euskal gautxo, igeltsero... Hala zioen: "Trabajé, sudé, sufrí, sangré". Gerra karlisten amaiera ondoko garai haietan euskaldun mordoa joan zen Argentinara –dirudienez, migratzaile talde handiena osatu zuten, italiarren eta galiziarren ondoren–, eta Grandmontagneri bururatu zitzaion ondo legokeela hango euskaldunentzat aldizkari bat osatzea. Jose Rufo Uriarte inprimatzaile bermeotarrarekin batera sortu zuen: La Vasconia –gero, La Baskonia–. Aldizkarian asko idatzi zuen, baita hainbat nobela eta saiakera ere. 98ko belaunaldiko idazle ahaztua dela esan ohi da. 1903.ean, Madrildik bueltan Donostiara itzuli zen, Jeronima Etxeberria zizurkildarrarekin ezkondu, eta 1910ean Asociación de la Prensa Donostiarra sortu zenean, elkarteko lehendakari izendatu zuten. Horra hor, donostiarrek oroitarria Barbadillon eraikitzeko arrazoietako bat.
Politikan liberala izanda ere, Miguel Primo de Rivera diktadoreak Argentinako enbaxada eskaini zion 1923an. Grandmontagnek horrelatsu eman omen zion ezetza: "Ikusten al nau berorrek ni, garai bateko pulpero martinfierrozalea, Casa Rosadatik irteten enbaxadore jantzi dotorearekin?".
Gaurko hainbat politikarirentzat ikasgai izan daitekeen erantzun dotorea.