Euskaldunok halaxe deitzen diogu gurea ez den edozein herriri: atzerria. Baita erbestea ere. Baina bat ala beste, beti dago sakonean ideia hori: gurea ez den herriak direla, guregandik aparte daudenak. Horregatik, beharbada, guregan hain errotua beste herri horiek ezagutzeko eta haietara bidaiatzeko irrika. Gero eta ospe txarragoa duen irrika, beste alde, turismo jendetsuaren eta horren inguruan antolatutako negozioaren ondorioz; ez baitira gauza bera bidaiatzea eta turismoa egitea.
Pentsatuz gu ez garela turista gogaikarriak eta bai Europa zaharreko bazterrak ezagutzera joandako bidaiari arduratsuak, emaztea eta biok Altsazia eta Alemaniako Oihan Beltza ezagutzera abiatu ginen aurreko aste batean. Oihan Beltza omen da Europako basorik zabalena; gure Iratikoa, berriz, bigarrena.
Basoek beti izaten dute halako izaera eta giro bertsua: basoak baso dira, beste edozer baino lehen; baina baso bakoitza da 'berezia', eta hori igarri egiten da. Oihan Beltzean, esaterako, izeien hostoen kolore iluna da nabarmena Iratiko pagoen berde argitsuaren aldean, lainoak eta euriak ilundutako egun grisean sumatzen denean, batik bat. Aurten, euria ez da ohikoena izan, dirudienez, eta beroa neurriz gaindikoa, aldiz. Zuhaitz frankok –hosto zabalekoek, batez ere– asko sufritu dute, agidanean, eta ihartuta dute hegoaldeko hostajea: larrialdi klimatikoak ez du barkatzen, Alemaniako bazterretan ere gorriak ikusi dituzte aurten lehortearekin.
Eta jendea? Turista ez den bidaiariak arreta jarri behar du bisitatzen den atzerriko jendea nolakoa den ezagutzeko!
Duela hainbat urte Oihan Beltzeko jendearen izaeraz eta bizimoduaz ikusitakoak erakutsi digu Iratin edo han bizimodua berdintsua izan zela. Argazkiko emakumea –Oihaneko baserritar alemana–, esaterako, gureko edozein amona Mainaxi izan zitekeen. Nekazaritzatik eta basotik bizi ziren han ere, baserrien antzeko antolakuntza duten basetxeetan, erreken uren indarrez mugitzen zituzten errotarriak, modu beretsuan egiten zituzten almadiak edo erreka-ontziak, hemen bezala nekabihurrez lotzen zituzten haien enborrak... Bakarrik erreka amaierako ibaiak ziren desberdinak: hemen Aragoi eta Ebro, han Kinzig eta Rhin. Esan genezake hango basetxe bat ekarri izan balute Aezkoara edo Garazira, hemengoek ontzat hartuko luketela, baserri gisa erabiltzeko egokia, teilatua egiteko era arraro samarra, hori bai... Hara, eta kuku-erloju bat barruan, hori luxua!
Hori lehen, eta orain?
Orain gauzak asko aldatu dira. Industria ugari bazterretan, seguru asko Europan gora eta behera ibilgailuz beteena dagoen autobide nardagarria, eta ohitura berriak.
Oihan Beltzeko leku menditsuetatik jaitsi, eta berehala ordeka zabaleko eta herri populatuetako kaleetan bizikletak ugari, eta bizikletez garraiatuta, halako karrikotxe berezietan, olanaz eta hulez egindako etxetxo edo kanpin denda txikitxo gurpildunetan, Alemaniako altxor preziatuenak: umeak eta txakurrak. Esango nuke moda hori etortzear dagoela gurera ere. Hango txiste txar batek dio taberna batera joanez gero, lehenengo ura eskaintzen zaiola txakurrari altzairu herdoilgaitzeko ontzi batean, eta, gero, bezeroez ahaztu.
Alemaniatik etortzen badira Europako ohiturak honuntza, tranbiak ere kontuan hartu. Ikaragarri ondo funtzionatzen dute hirietan. Eta amaitzeko, ahaztu behar ez den beste mezu bat, gau batean tranbian gertatutakoa. Berandu samar zen, ilunabarra edo. Edadeak (eta edateak) kaltetu samarra zeukan agure bat zihoan tranbian. Jende asko ez, baina hainbat pertsona gindoazen tranbia horretan, eta gure agure horrek taka-taka antzekoa zeraman, ibiltzeko zailtasunak baitzituen. Tranbia geltokira iritsi zenean, mugimendu takarren batek edo beste zerbaitek taka-taka irauli, eta lurrera bidali zuen gure xaharra. Inor ez zen mugitu ere egin. Taka-takako sarean botilaren bat, kilin-kolon, eta jaki erdi prestatuak sartzen lagundu nion bitartean, alemanez hitz batzuk ikasteko aukera galdu nuen, ez bainion beharrezko arretarik jarri. Maldizio alemanak zirela esango nuke.
Berri txarrak Alemaniatik edadekoentzat...