Albaitari zaharra

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'

Zarautz, XIX. mende amaieran. (Foto paez / fotosantiguasdezarauz.com)

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-k gaurko Guka egunkariko 'Puntuka' atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Gaur eguneko bizitzeko erak eta moduak hain geureganatuta ditugunez, askotan zaila egiten zaigu antigoalekoak irudikatzea: zail zaigu imajinatzea nola bizi zen jendea hemen, gure herrian edo eskualdean, duela mende bat. Denboran atzerantz bidaiatzeko makinatxo bat hartu eta salto egitea proposatzen dizuet gaurkoan, eta horretarako Zarautz, Aia, Getaria eta Usurbilen ezaguna izan zen pertsonaia izango dugu aitzakia: gure eskualdeko albaitari zaharra, Julian García López.

1858an Valladolid probintziako Bobadilla del Campo herrian jaio zen gure Julian Garcia, eta 1883an amaitu zituen Albaitaritza ikasketak. Albaitari akreditazioa jaso aurretik, 25 urte besterik ez zituen, eskatu zuen Zarautzen Haragien Begirale lanpostua (Inspector de Carnes), eta hona etorri zen. Geroztik, hirurogeita bat urtez aritu zen albaitari lanetan Zarautzen eta, tarteka, lehen aipatu diren herri horietan.

1876an azken Karlistaldia amaitua eta Cánovas del Castillok foruak deuseztaturik, Euskal Herriko udalek zor ugari eta diru gutxi zuten; Zarauzko Udala ez zen salbuespen... 1885eko urtarrilaren erdian ordaindu zizkion udalak aurreko urteko zorrak albaitariari. Gainera, kontzejukoek zalantzak zituzten ea herriak erosi behar zuen ala ez abere hiltegiko animaliak aztertzeko albaitariak eskatzen zuen trikinoskopioa (txerrien trikinosia aztertzeko mikroskopio antzekoa). Erosiko zutela erabaki zuten, baina udaleko idazkaritzatik ez zela aterako (albaitariak-edo beste herri batzuetara eraman eta ikerketak harekin ez zitzan egin?). Gainera, Haragien Begiraleari eskatu zitzaion egunero-egunero herrian hiltzen ziren abere guztien berri eman behar zuela, eta gogorarazi ezin zezakeela begiratze lan horregatik udalak emandakoa ez zen beste dirurik jaso; halaber, bere lanen artean zegoela salgai zegoen arrainaren azterketa ere. Valero Juaristi alkateak 1911. urtean arautegi berria ezarri zuen herriko hiltegiarentzat, eta zorrotz bete beharrekoa izango zela adierazi: urte horretan bertan albaitari zaharrak parte eman zion udalari Manuel Aldalurrek ohiko ordutegitik kanpo –urgentziazko kasua zelako, zioen– abere gaixo bat eraman zuela hiltegira, Ventura Egibar harakinarentzat. Aberearen haragia ona zen saltzeko, baina harakinari isuna jartzekotan ibili ziren, arauak ez betetzeagatik. 

Ez dago zer jarraiturik: albaitariaren eta herriko udalaren artean beti izan ziren tirabirak. Udala xuhurkerian, eta albaitaria berea uste zuenaren eskean. 1915. urtean soldata gehiago eskatu, eta urtean 365 pezetako jornala lortu zuen (egunean pezeta). Horrez gain, izango zituen nekazariek azterketarako eramaten zizkioten gibel zatiak-eta (beti ere aprobetxagarriak). Albaitaria askoz hobeto konpondu zen abeltzainekin, harakinekin baino. Haiek begiratzen zituen ezkerreko begiz.

Beste eragozpen bat ere bazuen albaitari zaharrak. Gaztelako estepa lehorretan jaioa, ez zuen euskararen aztarnarik honantz etorri zenean. Bergarako Luisa Fernandez Ugalderekin ezkondu, eta Euskal Herriari lotuta geratu zen, ordea, eta euskaraz ikasi beste erremediorik ez zuen izan. Paperetan agertzen da euskaraz primeran egiten zuela. Itxuraz nahiko ondo moldatzen zen, baina gure ama zenak zioenez, halako "euskara gaizto" samarra egiten zuen. Hala, behin, esan omen zion abeltzain bati: "Alleme, buruhandi, zuk gibel zati txikia ekarri niri". Ulertzen zitzaion zer adierazi nahi zuen, dena dela...

Esan bezala, hirurogei urte luzez albaitari lanetan jardun ondoren erretiratu zen, eta udalak ere sentituko zuen halako zimikoren bat hil zenean, 1952. urtean, udaleko aktetan aipatu eta alargunari doluminak emateaz gain, bi mila pezetako laguntza eskaini baitzion hileta eta elizkizunetarako (albaitariaren arimaren aldeko meza eta otoitzak barne).

Umore onekoa omen zen. Familiakoek kontatu izan dute gure Julianek behin baino gehiagotan esaten zuela idatzita utzia zuela bere testamentuan Zarauzko harakinek eraman behar zutela bizkarrean bere hilkutxa, parrokiatik kanposanturaino, deskantsurik gabe, albaitari izan zen bitartean eman zizkioten atsekabe guztiengatik zigor gisa. Ehun kilotik gorako gizona zen orduan albaitari zaharra...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide