Erle-seme

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko abuztuaren 30a

Erlekumea, erle-taldea, bereziki erregina berriak kanporatu duen erregina zaharrarekin beste erlauntz bat osatzera doana.

 

erle-seme. 1) iz. Erlauntza batean leku faltaz edo erle multzoa ugariagoa egien ari denez, erregina zaharrarekin batera erlauntzetik kanpora joaten den erle-multzoa.

Erlea intsektu himenoptero ezaguna da (Apis mellifera), batik bat, eztia eta argizaria biltzeko eta osatzeko gai delako. Euskal historia, kondaira zein mitologian animalia ezaguna eta maitatua da: azienda gisa onartzen da, eta etxeko norbait hiltzen denean eskaria egiten zaio (zitzaion) argizaria egin dezan kandelak hildakoari piztu eta hark argia edukitzeko beste mundura joateko egin behar duen bidean.  Hala ere, erlezaintza ez da konfiantzazko lanbidea euskaldunentzat, ez baita ofizio ziurtzat jotzen zenbait esaera zaharretan: 1) Behorrean eta erlean ez jarri interes osoa. 2) Behorretan eta erleetan diru asko ez jarri. 3) Erleekin eta behorrekin, interes dena ez jarri. Etxekoia ez den erleak (ezta etxekoia ez den pertsonak ere) etekin eta ondasunik ez duela biltzen adierazteko esan ohi da: 1) Erle joanak eztirik ez. 2) Erle joan-nahiak, ez ezti, ez abaraska. 3) Erle uxatuak eztirik ez. 4) Harri ibilikoak oroldiorik ez, erle uxatuak abaorik (aberaskarik) ez. Beste esaera zahar hauek ere ezagunak dira: 1) Eztia nahi duenak erleak jasan bitza. 18) Hobe da ahurtara bat erle, zakukada bat euli baino.

 Erlearekin, edo hitz horrekin, beste zenbait intsektu ere izendatzen dira:

  • erlama. Erle erregina.
  • erlamando. Erle arra, Apis mellifera (arra).
  • erlastar. Erlearen nolabaiteko itxura duen intsektua (Bombus sp), hura baino handiagoa eta iletsuagoa.
  • erle erregina. Erle eme emankorra, helburu bakarra arrautzak errutea duena.
  • erlabio. Liztorra.
  • erle langile. Erle eme antzua, polena bildu, eztia eta argizaria egin, larbak bazkatu, etab. egiten duena.

Erleak zaindu eta erleetatik eztia, polena argizari eta beste zenbait gai ekoiztea izaten da erlazain edo erlezainaren lana. Lanbide hori dela eta, baditu euskarak hainbat hitz:

  • erlategi. Erlauntza; erlauntzak dauden tokia.
  • erlatoki. Erlauntza; erlauntzak dauden tokia.
  • erlauntz. Erle-ontzia; erlekumea hartzeko prestatzen den babesa; erlea bizi eta ugaltzen den ontzia, erleen etxetxoa.
  • erle-hazkuntza. Erleak hazi eta zaintzeko jakintza, haiek ekoiztutakoa (argizaria, eztia, propolia, jelea, polena…) baliatzeko.
  • erlekume. Erle-taldea, bereziki bere erreginarekin beste erlauntz bat osatzera doana.
  • erletxe. Erlategia, erlauntzak eraikuntza berezietan jarrita daudenean, batik bat.
  • erlezain. Erleak haziz, eta haiek ekoitzitakoa baliatuz, bizibidea ateratzen duen pertsona.
  • erlezaintza. Erleak hazi eta zaintzeko jakintza, haiek ekoitzitakoa (argizaria, eztia, propolia, jelea, polena…) baliatzeko.

Erlearekin zerikusia dutenak:

  • erle-belar. Ezkaia.
  • erle-mahats. Mahats mota, zuria eta gozoa, moskatelaren antzekoa. Mahairako biltzen da ardotarako baino.
  • erle-txori, (txori) erlejale. Hegazti intsektujalea (Merops apiaster). Amorratua da erlategien aurrean jarri eta erleak jaten.

Konparaketak egiterakoan, egoera larria edo desatsegina dela adierazteko esan ohi da; erlea potroetan baino okerrago (nabil, dabil…); arrunkeria da.

Erle-semea edo erlekumea deitzen zaio erlauntzatik kanpo joan den erle multzoari. Erle multzo horrek ihes egin duenean leku jakin batean kokatzen da, babestu nahi duten erregina inguratuz halako intsektu-bola bat osatuz. Halakoa ikusten duenak eskubidea du erle-seme hori jaso eta beretzat gordetzeko. Horretarako, ikusi bezain pronto gurutze bat egiten zaio alboan, goian edo behean erle-seme horri (klariona, labana edo harri batekin), edozeini adierazteko erlekume horrek baduela jabea. Gero, erlauntzarentzat egokia den kaxa edo erletokira biltzen da erle-semea. Baldintza hori betetzen ez duenak, lapurtu egin du erle-semea eta ez du etekinik aterako erle horietatik: Erle ebatsiak ez du eztirik, ez umerik egiten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide