karrikotxe. 1) iz. Garraio txikirako erabiltzen zen orga edo gurdi txikia,
Garraio handiagoetarako erabiltzen ziren idi-gurdi, zaldi-karro eta antzekoen ondoan, baziren beste txikiago batzuk pertsonek beren indarrez (ganadu, azienda edo abererik gabe esan nahi da) erabiltzen zituzten orga edo karro txikiagoak beren tresna eta kargak eramateko: igeltseroak, arotzak, errementariak…. Esku-karro horiek uhal luze bat izan ohi zuten tiraka ibili behar zuen pertsonak sorbaldatik pasatu eta erosoago egiteko garraio-lana. Karro horiek baino egitura txikiagokoak ere baziren; errementariak burdinazko gurtetxea egiten zion eta arotzak oholezko zola jarri, eta alde bakoitzean bizikleta edo motortxo baten erruberak ipiniz gero han genuen esku-karro dotorea edozertarako: azokara barazkiak eraman, etxerako erosketak garraiatu, han edo hemen egindako obra txikiko hondakinak atera, bizkarrean eramateko astunegia zen zama era erosoan eraman… Horiek ziren garai bateko karrikotxeak. Beste izen batez erremolke ere deitzen zitzaien, batik bat pertikaren muturrean eraztun egokia soldatuz gero bizikleta edo motorraren atzean atoian eramateko baliatzeko modukoa zenean.