aurpegi. 1) iz. Giza buruaren (edota zenbait animaliaren buruaren) aurreko aldea.
aurpegi. 2) iz. Aurpegiera, begitartea.
aurpegi. 3) iz. Itxura.
aurpegi. 4) iz. Hainbat gauzak agertzen dituen alde edo alderdietako bakoitza.
aurpegi. 5) iz. Poliedro bat osatzen duten planoetako bakoitza.
Aurpegiaren itxura edo eitea (pertsonaren begitartea) izendatzeko aurpegi edo aurpegiera hitza erabiltzen da. Horrez gain, gauza ugarirako erabiltzen da aurpegi hitz hori edo haren eratorriak. Norbaitek egin duen huts, akats, oker edo hobena gaizki egina dagoela adierazteko (zerbait) hori aurpegiratu egiten zaio. Besteak batere kontuan hartu gabe berea egiten duena aurpegihandia da (lotsagabe edo azal latzeko ere erabiltzen dira), eta aurpegizikin deitzen zaio aurpegia zikina duenari, baina baita (irain-hitza gisa) norbait lotsagabea edo arlotea dela adierazteko ere. Aurpegiera tristea duen pertsonari Ama Doloretakoaren aurpegia izatea esaten zaio (baita minez dagoenari ere), eta haserre itxurako aurpegiera duenari aurpegi beltzez begiratzea. Norbaiti harrera ona egiten diogunean, aurpegi ona egin, aurpegiera ona egin, aurpegi ona ipini edo aurpegi ona jarri diogula esan ohi da, eta harrera txarra egiten diogunari aurpegi txarra ipini edo aurpegi txarra jarri, baita aurpegiera txarra egin ere. Itxura edo joera berria erakusteari (apainagoa, alaiagoa…) aurpegi berria erakutsi esaten zaio. Norbait jipoitu egingo dugula adierazteko aurpegi berria erosi beharko duk! esaten zaio, edota halakok harrapatzen bahau aurpegi berria erosi beharko duk! Zerbaiti aurre egin, norbaiti aurka egin, ekintza bati erantzuna eman, erasoari erantzun… esateko esan ohi dugu: aurpegi eman, aurpegia atera, aurpegia eman. Horrela, norbaiti esateko arazo bati aurre egin behar diola, erabiltzen da: kontu horri aurpegi eman beharko diok, bestela jai duk!
Badira beste hainbat esamolde ere aurpegi hitzarekin:
- aurpegi gabeko. Lotsatia.
- aurpegi ilun. Haserreturik dagoenaren aurpegiera edo itxura.
- aurpegi latza (izan). Lotsarik ez izan, lotsagabea izan.
- aurpegia aldatu. Zerbaitengatik (gehienetan ezusteko batek eraginda) aurpegia desberdin bilakarazi.
- aurpegia argi eduki. Lotsatzeko arrazoirik ez eduki; ez gorritu; gorritzeko arrazoirik ez izan.
- aurpegia eduki. 1) Lotsak utzi eta zerbait egitera ausartu. 2) Lotsagabea izan.
- aurpegia hautsi. Norberaren lotsa gainditu.
- aurpegia ilundu. Aurpegia tristatu, tristura adierazi.
- aurpegia itzuli. Ez agurtu, kasurik ez egin.
- aurpegia izan. 1) Adorea izan, ausardia izan. 2) Lotsarik ez eduki.
- aurpegia luzea eduki. Triste egon.
- aurpegia pareta baino zuriago jarri. Zurbildu.
- aurpegiak galdu. Elkarri aurpegira ez begiratzeko adina haserretu, inorekin erabat haserretu.
- aurpegiko azala bi ontza izan, (inoren) aurpegiko azala bi ontza izan. 1) Lotsa gutxikoa izan. 2) Norberak nahi duena egiteko bidean besteak ez eduki kontuan ezertarako.
- aurpegira bota. 1) Aurpegiratu, norbaiti zerbait garbi adierazi. 2) Norbaiti errua bota, norbait zerbaiten erantzule egin.
- aurpegira esan. 1) Aurpegiratu, norbaiti zerbait aurrez aurre esan. 2) Norbaiti zerbait garbi adierazi.
- aurpegirik ez izan. 1) Ausardiarik ez izan, adorerik ez eduki. 2) Lotsatia izan.
- aurpegiz aurpegi. Aurrez aurre.
- aurpegiz ezagutu. Norbait hainbatetan ikusi delako ezagutu, nahiz eta harekin traturik edo hitz egiteko aukerarik inoiz egokitu ez.
- hartzaren aurpegia egin (inori). Harrera txarra egin.
- santu aurpegia eduki. Onaren edo zintzoaren itxura izan (nahiz eta ez hala izan, beharbada).
- taloaren aurpegi. Aurpegi zabala.