Uztao

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko uztailaren 29a

Soro eta zelaietako belar gaiztoa (Rumex acetosa, Rumex acetosella, Rumex crispus).

uztao. 1) iz. Soro eta zelaietako belar gaiztoa (Rumex acetosa, Rumex acetosella, Rumex crispus).

Uztaoa edo uztao-belarra landare berezitzat hartzen da Euskal Herrian. Horrela, morroiak galarazi ezin duen belarra dela esaten da, eta nagusiak bakarrik deserrotu dezakeela soroetatik (sustrai sakon eta indartsuak ditu, eta behin eta berriz berpizten da ez bada errotik erauzten). Gainera, landare magikoa ere bada. Ezkerreko eskumuturra bildu edo inguratu uztao-hostoarekin eta konjurua egin daiteke kazkabarra edo harria urrutiratzeko. Semerolako apaizak horrela egiten omen zuen: Karga Izarraitz / deskarga Hernio / salba Altzola / endemas Semerola. Uztai-belarra ere deitzen zaio landare horri eta uztargi denez ostadar edo Erromako zubiaren beste izen bat, garbi dirudi indar magiko handiko landarea dela. Bada esaera bat honela dioena: Morroiaren eta neskamearen beldurrik ez duen belarra, uztaoa, eta baita esamolde bat, honakoa: uztao-belarra baino sakatsago. Badirudi sakats hori (zakatz ere bai, zenbait lekutan) gaur egun ahaztua dugun adjektibo bat dela, pertsonen izaera (lerdena, segaila… eta baita ere zakar, latz…) adierazteko erabiltzen zena.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide