Puntuka

Kezkak

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko ekainaren 25a

Txakur bat, Zarauzko Udalaren eskupaper batetik aterata. (Zarauzko Udala)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Burutapen edo arazoren batek gogoa asaldatzen duenean sortzen omen da kezka. Bada, hainbat burutapenek kezka eragin didate azkenaldian.

Azkenekotik hasita, duela pare bat egun gure etxeko gutunontzian agertu berri den panfleto, esku-paper edo flyer horietako bat izan da kezka-bide. Han ageri da nik berehala On Zakur izendatu dudan izakia, begi batez keinu egiten didana eta neguko jertse zisne-lepodun beix batez jantzia dagoen txakur eiteko bizidun dotorea. Dotorea diot larruzko lepokoa daramalako gorbataren ordezko, eta gai berazko uhalez loturik ageri delako. Benetako On Zakur bat bere asaba zahar otsoetatik aski bereizia eta gizarte (otsarte) aristokratiko batean ezin hobeki bertakotua.

Bi-oinezko gizajook jakin dezagun norekin ari garen, honela dio (hizki larriz): NIRE JABEAZ HARRO. BAITA NIRE HERRIAZ ERE. Gero, arrotzentzako argigarri dator: FELIZ CON MI COMPI. Y CON ZARAUTZ.

Kezkatu egin naiz On Zakurrek eman dizkidan ohar horiekin. Maite ditut animaliak, baina aholkuak ematen hasten zaizkidanean, zer esan, kezkatu egiten naiz. Kezkatu giza-itxurako animalia antropomorfoak sortzen eta miresten dituen gure gizarte txatxu honekin. Kezkatu ikusten dudanean hainbat jende sentimentalismo mengel batek eramanda katuak, ahateak, usoak... elikatzeko bulkada batek menderaturik bizi dela. Kezkatzen bainaute (zenbait) animalia-espezieren eskubideak eskatzen dituztenek, eta itsu-itsuan animalia horiei pertsonen estatus bera eskaini.

Baina ez da hori nire kezken iturri bakarra. Ez dira On Zakurrenak aidean dabiltzan esku-paper bakarrak. Ez dakit badakizuen, baina hurbil dira hauteskundeak, eta hasiak dira hedatzen beste hainbat paper ere; badakizue, lau urtetik behin hegan dabiltzan horiek. Norberak (politikariek, diot) bere buruari haize eman behar izaten dio, eta hurrengo hilabeteetan sekulako lehia izango dugu bakoitzak zer egin duen plazaratzeko, korrika-apustuan.

Batek erakutsiko du Munoa eraistea klima-aldaketari aurre egiteko ezinbesteko ekintza dela, beste batek txukunduko ditu bazterrak arboretum delakoa amaitze-bidean doala erakusteko; Santa Klarari garbituko diote aurpegia, eta, beharbada, herriko lorategiak hornitzeko berriz ere martxan jarriko dute herriko landaretegia... Ia sinetsita nago Garbigunea ere hasiko dela lanean, Urola Kostakoa diot, hainbat urtez hor egon dena justuen linboan, eta oraingoan denontzat bedeinkazio bilakatuko dena, azkenean!

Kezka sortzen didate lau urtetik behin berpizten diren zonbi intermitente horiek, inpultso tetrakenalen eraginez mugitzen diren ekitaldi horiek. Boto-arrantza, planifikazio eza edo zer ote den asmatu ezinak sortzen dit kezka.

Oraingoan, nik dakidala, hauspoa eragiteko lanean PSE-EEk hartu die aurrea gainerakoei. Ongi da besteak baino bizkorrago ibiltzea eta bideak besteen aurretik jorratzea, baina kezkak sortu dizkit. Ez aurretik ibiltzeak, ez; esku-paper horietan esaten diren zenbait gauzak, baizik. Badira hor ohiko egin dugu, berritu ditugu... eta antzekoak, erakutsiz zein ondo egin duten lan aurreko urte horietan. Horietako batean dio: Kalistenia parke berria jarri dugu. Arrotza zitzaidan antigoaleko greziar kutsuko kalistenia hori, baina, gaur egun eskura dugunez edozein informazio, erraz jabetu naiz kalos (edertasuna) eta sthenos (indarra, sendotasuna) direla hitzaren osagaiak.

–Hara! Gaurko zenbait gazteren jainkoetako bi –esan diot neure buruari.

Eta horrekin batera etorri zait burura prentsa idatzian irakurri berria: Europan bakarrik, fitness eta kirolaren industriak 150.000 milioi euro mugitzen ditu urtero... Indarra, edertasuna eta dirua, horra hor gaur egungo trinitate santuaren hiru graziak!

Kirola, Ingurunea eta Animalien Ongizatearen ardura daramaten udalekoei munduko gauzarik normalena irudituko zaie kalistenia parke berria zabaltzea, baina niri Santa Klarako kultura(?)-etxean San Pankraziori eskultura berria egin behar diotela esateak bezainbat kezkatu nau. Ez naiz batere fidatzen gaur egungo jainko berriez ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide