konfite. 1) iz. Gozokia, batik bat kanika txiki edo ale biribil txiki formakoa.
konfite. 2) iz. Konfite gozokiaren itxura duena, nahiz eta ez izan gozokia.
konfite. 3) iz. Kazkabarra, txingorra.
konfiteak. 4) iz. Animalien gorotza edo altxirria, ardi, ahuntz, sagu, arratoi, untxi eta abarrena, batik bat, biribil samarra eta txikia dena.
Konfite antigoaleko gozoki mota bati deitzen zitzaion, eta ohikoa izan ohi zen arroz-esne eta natilla edo arrautzesne gainean zerbitzatzea. Gauza gozo eta estimatua izan ohi zen, eta horregatik esaten da astoari konfiteak ematea dela gauza on bat behar bezala estimatzeko gai ez den norbaiti ematea, hau da, fintasun handiko zerbait behar bezala estimatzeko gai ez denari eskaintzea. Bestalde, erabiltzen da, baita ere, adierazteko merezi ez duen norbaiti eman zaiola oparia edo mesedea: nire asmo onenarekin eman, eta astoari konfiteak! Konfitearen itxura edo eitea duen beste hainbat gauzari ere deitzen zaio konfite, eta, horrela, plomozko konfitak partitu edo berunezko konfiteak banatu deitzen zaio tiroak botatzeari (perdigoiak direnean, batez ere). Agian, itxura berdintsuak izanik, konfiteak bota esan ohi da kazkabarra edo txingorra denean. Konfiteak egiten zituenari konfitero deitzen zitzaion, eta denbora luzez konfiteroak izan dira gozogileak. Azkenik, ardi, ahuntz, untxi, arratoi eta saguen gorotz, kaka edo altxirriei ere konfiteak deitzen zaio, horrela, ardi-konfiteak dira ardien altxirriak. Badira hainbat esaera zahar konfiteak aipatzen dituztenak: 1) Ez dira astoarentzat eginak konfiteak. 2) San Joseren (III-19) konfiteak (kazkabarragatik), atzetik baino aurretik hobeak. 3) Tokatzen zaizkio astoari konfiteak eta txerriari abanikoa.