Arrastada

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2026ko ekainaren 18a

Urratua edo harramazka, larruazalean egindakoa, batik bat. Baita segarekin edo igitaiarekin belarra mozterakoan edo antzeko lanetan ematen den ebakialdia ere; eta zerbaiti ematen zaion pasaldi arina. Irudizko zentzuan, nolabaiteko kalte emozionala.

arrastada. 1) iz. Urratua edo harramazka, larruazalean egindakoa, batik bat.

arrastada. 2) iz. Belarra mozterakoan edo antzeko lanetan segarekin edo igitaiarekin ematen den ebakialdietako bakoitza.

arrastada. 3) iz. Zerbait egiterakoan sakontasun handirik gabe gauzatzen dena; zerbaiti (garbitu, pintatu, zuritu, txukundu…) ematen zaion pasaldi arina edo errepasoa.

arrastada. 4) iz. Zerbaiti egindako nolabaiteko kaltea, norberaren estimuan edo maitasunezko kontuetan batik bat (bihotzean egin ohi da arrastada hori).

Harramazka edo zauritxoari deitzen zaio arrastada, laharrak edo beste landare arantzadun batek larruazalean egindakoa, esaterako . Bestalde, segarekin edo igitaiarekin lanean ari garela egiten den ebakialdi bakoitza ere arrastada da. Zerbaiti errepaso arin bat ematen zaionean ere arrastada bat eman esaten zaio; horrela pintura-arrastada bat eman sarrerako ateari, edo garbi-arrastada eman gelari zikin aurkiak kentzeko. Zerbaitek arrastada egin esaten da nolabaiteko kaltea egiten duenean (bihotzean arrastada egin ere esaten da). Estimu edo maitasunezko kontuetan erabili ohi da gehientsuenetan, eta zerbaitek une edo gai sentikorren bat ukitzen duenean erabiltzen da; haren purrustadak arrastada egin zidan (bihotzean); hau da, kalte emozionala sortu zidan haren jokaerak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide